Eric Olhatsek adingabeei sexu-erasoak egin izana ukatu du epailearen aurrean, Baionan
1997-2022 urte artean sei adingaberi sexu-erasoak egitea leporatuta, gaur epaitu dute Aviron Bayonnaisen entrenatzaile eta Realaren ikuskatzaile ohia. 10 urteko espetxe-zigorra eta 150.000 eurorainoko isuna jaso dezake.
Eric Olhats Aviron Bayonnaisen entrenatzaile eta Realaren ikuskatzaile ohiaren aurkako epaiketa gaur egin da Baionako Justizia Auzitegian, 1997-2022 urte artean sei adingaberi sexu-erasoak egin izana leporatuta. Epailearen aurreko deklarazioan, leporatzen zaizkion delitu guztiak ukatu ditu akusatuak.
Biktimek eta senideek ere deklaratu dute epaiketan. 11-15 urteko mutikoak zirenean, Aviron Bayonnais taldeko kide zirela, Olhatsekin bizi izandakoa kontatu dute gazteek. Orduan euren entrenatzailea zenak igurtziak egiten zizkiela, eta sexu-izaera zuten mezuak igorri eta eduki pornografikoa zuten filmak erakusten zizkiela azaldu dute. Horrek guztiak euren bizitzetan utzitako ondorioak salatu dituzte.
Leporatzen zaizkion delituengatik, 10 urteko espetxe-zigorra eta 150.000 eurorainoko isuna jaso dezake akusatuak.
Besteak beste, Antoine Griezmann aurkitzeagatik da ezaguna Olhats. 2022ko maiatzean atxilotu zuten.