Abiadura Handiko Trena
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Oregik dio AHTa estrategikoa dela eta prezio erakargarria izango duela

Proiektuaren "beharra eta onurak berresten dituen ikerketarik" aurkeztu ez izana leporatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari.
Ana Oregi Ingurugiro eta Lurralde Politika sailburua.
Ana Oregi Ingurugiro eta Lurralde Politika sailburua. Argazkia: Efe

Ana Oregi Ingurugiro eta Lurralde Politika sailburuak "estrategiko"tzat jo du Abiadura Handiko Trena (AHT), eta bidaia-txartelaren prezioa "herritar guztientzat erakargarria" izango dela hitzeman du.

Oregik Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkidearen galderari erantzun dio, azpiegituraren kostuaz eta etekinez galdetu baitio Jaurlaritzari.

Maeztuk esan du "sakrifizio ekonomikoa, soziala eta naturala" agerikoa dela, baina oraindik ez dutela esan zein izango den gizarteak jasoko duen "onura".

Sailburuak trenbide sarearen onuretako bat azpimarratu nahi izan du, EAEko hiriburuen arteko loturan denbora "nabarmen murriztuko" dela. Gogorarazi duenez, gaur egun trenez Donostiatik Bilbora joateko 2 ordu eta 35 minutu behar dira, ordu bat eta 45 minutu Donostiatik Gasteiza joateko; eta Bilbotik Gasteiza trenez joaten "saiatu ere ez egiteko" esan dio Maezturi.

Ana Pastor Sustapen ministro espainiarrak aurreko asteazkenean aurreratu zuen Gasteiz eta Bilbo 28 minutuan lotuko zituela tren berriak, 40 minutuan Donostia eta Gasteiz, eta 45 minutuan Bilbo eta Donostia.

Oregik esan du bidaiak egiteko denborak "auto pribatua baino azkarragoak" izan beharko direla, baina, era berean, trenak erabiltzaileei "fidagarritasuna, segurtasuna eta erosotasuna" emango diela.

Gainera, euskal herritarrak gero eta zaharragoak direla eta zahar horiek izango direla onura handiena jasoko dutenak azpimarratu du Oregik, "mugikortasuna aldatzeko giltzarri" izango delako AHTa.

Bidaia-txartelaren prezioari dagokionez, sailburuak esan du "herritarrentzat erakargarria" izango dela.

EH Bildu

EH Bilduk, hala ere, AHTaren inguruko "zalantza nagusiak argitu gabe" daudela leporatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Koalizioak prentsa agiri batean azaldu duenez, sailburuak oraindik ez du aurkeztu proiektuaren "beharra eta onurak berresten dituen ikerketarik".

Dani Maeztu legebiltzarkideak azpimarratu du AHTak euskal herritarren bizitza kalitateari "zein onura ekarriko dion jakiteko eskubidea" dutela.

"Ez da nahikoa AHTa propagandarako soilik erabiltzea, azpiegitura estrategikoa dela izatea argudio bakarra", gaineratu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Amaia Zabarte senarrarekin eta abokatuarekin
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Kasua artxibatu ostean, Justizian sinestea zaila egiten zaiela deitoratu du Amaya Zabarteren senarrak

Epaileak Amaia Zabarteren kasua artxibatzea erabaki zuen atzo, eta familiak helegitea jarri du gaur. Haren bikotekideak, Joseba Novoak, haserre eta minduta daudela dio. Deitoratu du epaileak ertzainen bertsioa bakarrik izan duela kontuan, lekukoek ziotena eta frogak alde batera utzita. Kasua auzitegi probintzialera iristen denean jarri du itxaropena, orduan espero baitu benetako justizia iristea.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eder Perez (BFF): "Epaileen aurkako indarkeria desagertu egin behar da, eta epaileen batzordeak hartzen dituen erabakien alde gaude, % 100ean"

Bizkaiko Futbol Federazioaren presidenteak argi adierazi du "epaileak babestea" dela lehentasuna. Basaurin izandako gertaera jakin horrez gain, egoerari modu orokorrean begiratu eta epaileen kontrako indarkeriarekin amaitu beharra dagoela esan du. Haren hitzetan, Federazioak eta futbolaren egitura osoak lan egin beharko dute horretarako. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X