Aniztasuna 'balioa' izatea eskatu dute Iruñean, Ekairen omenaldi ekitaldian
Ehunka lagun bildu dira gaur Iruñean, Ekai, aste honetan hil den gazte transexualari azken agurra emateko ekitaldian. Lore eskaintza egin dute eta ondoren irakurritako manifestuan, gizarteak aniztasuna "balio" gisa onartzeko eskatu dute.
12:00etan izan da kontzentrazioa Udaletxe Plazan "Ekai, Nafarroa zurekin" leloa zeraman pankarta baten inguruan. 10 minutuko isilunea egin dute aurrena, eta lore eskaintza egin dute ondoren. Bertan izan dira, besteak beste, Laura Berro (Aranzadi), Patricia Perales eta Aritz Romeo (EHBildu) Iruñeko Udaleko zinegotziak, Eduardo Santos Nafarroako Podemosen idazkari nagusia, Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentarioa eta Mertxe Leranoz Berdintasunerako Nafarroako Institutoko zuzendaria.
Kattalingorri eta Transkolore elkarteetako bi kidek manifestua irakurri dute Ekairen senide eta lagunei euren "maitasun eta babes" guztia eskainiz eta Ondarroako gaztearen heriotza "bizitzea tokatu zaigun gizarte transfoboaren ondorio" izan dela salatu dute. "Honek mina eta injustizia sentimentu handia sortzen digu, bizitza osoa baitzuen aurretik" esan dute.
Hau ez dela kasu bakan bat uste dute, "izateko era zurrunak" ezartzen dituen "sistema zapaltzaile" baten ondorio baizik. Eta horregatik, "babestuko gaituzten legeak, kasu egingo diguten hezkuntza eta osasun sistemak eta administrazioaren traba guztiak desagertzea" eskatu dute, autodeterminatu eta libre bizi ahal izateko.
Gizartea aldatzen ari dela aitortu dute, eta "Ekairena bezalako familia zoragarriak badaudela" onartu dute, "euren seme eta alabak ulertzen eta laguntzen saiatzen diren familiak". Hala ere, oraindik ere "bide luzea falta da guztiok gizarte honetan tokia izan dezagun" zehaztu dute. "Gizarte justuago bat eraiki nahi dugu, aniztasuna balio bat izango dena, eta ez aurre egiteko zerbait" amaitu dute.
Ekairen aitak mezua idatzi dio sare sozialetan
Atzo Ondarroan egin zioten omenaldia Ekairi. Ehunka lagunek hartu ztuen parte Chrysallis Euskal Herria adin txikiko transexualen familien elkarteak deitutako kontzentrazioan.
Gaur, bere aita Elaxar Lersundik mezu hunkigarria zabaldu du sare sozialetan semearen gaitasunak goraipatuz eta haren heriotzak gutxienez "atzetik etorriko direnen bidea errazten" lagunduko duen esperantza agertuz.

Zure interesekoa izan daiteke
Ehunka lagun kalera atera dira Euskadin eta Nafarroan, etxebizitzaren negozioaren aurka
Etxebizitzaren aldeko protesta jendetsua egin dute Madrilen, eta greba orokorra prestatzen ari dira
Igandera arte luzatu dituzte euriteengatik EAEn gaurko ezarrita zeuden abisu horiak
12 lagun zauritu dira Errioxako taberna baten zati bat erorita, eta zortzi osasun zentroetara eraman dituzte
102 urteko emakume bat hil da eta 90 pertsona erreskatatu dituzte Albaceten, Madrigueras herrian izandako uholdeetan
Milaka pertsona kalera atera dira Madrilen, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko