Osakidetzak gaixotasun kroniko konplexuak dituzten 37.000 adingaberi arreta emateko sare berria sortu du
HaurSare sare aitzindariak arreta pertsonalizatua eta koordinatua eskainiko die 16 urtetik beherakoei eta haien familiei; etxez etxeko arreta indartuko du, eta pixkanaka 24 orduko zerbitzua ezarriko du, asteko zazpi egunetan.
Osakidetzak HaurSare jarri du martxan, gaixotasun kroniko konplexuak edo bizitza mugatzen duten gaixotasunak dituzten haur eta nerabeei eta haien familiei arreta integrala eskaintzeko sare berria. Euskadiko lehen sarea da gaixotasun kroniko konplexuen arreta eta pediatriako zainketa aringarriak egitura berean bateratzen dituena.
Eredu koordinatu eta pertsonalizatua izango du, eta ia 37.000 adingaberi arreta ematea aurreikusten du, non bizi diren kontuan hartu gabe.
Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Gasteizko Araba Unibertsitate Ospitalea-Txagorritxu bisitatu du gaur, HaurSareko lantaldearekin biltzeko.
Iratxe Salcedo Osakidetzako Pediatria arduradunak azaldu duenez, sarearen helburua da pazienteen beharrak aurreikustea, larrialdi bihurtu aurretik antzematea eta arreta-etapa bakoitza planifikatzea, helduen arretarako trantsizioa barne.
Arreta pertsonalizatua, paziente bakoitzaren beharretara egokituta
HaurSarek 16 urtetik beherako ia 37.000 haur eta neraberi eragingo die: horietatik 32.000k konplexutasun txikiko patologia kronikoa dute, 5.000k konplexutasun ertaina eta ia 1.000k konplexutasun handikoa.
Sareak diziplina anitzeko taldeak izango ditu Gurutzetako, Basurtuko, Donostia Ospitaleko eta Arabako unibertsitate-ospitaleetan. Kasurik konplexuenak artatzeaz gain, etxez etxeko arreta pediatrikoa eskainiko dute, eta lurralde bakoitzeko gainerako ospitaleei eta osasun-zentroei laguntza emango diete.
Lehen fasean, 34 lanpostu berri sortu dira: Lehen Mailako Arretan pediatriako 14 erizain espezialista, kasuen kudeatzaile gisa jardungo dutenak; erreferentziazko ospitaleetan beste zazpi erizain espezialista; ospitaleko Pediatriako sei lanpostu eta administrazio-laguntzako beste hiru.
Etxez etxeko arreta eta 24 orduko zerbitzua
Sarearen ardatzetako bat etxez etxeko arreta izango da. Helburua da haurrek eta nerabeek ohiko ingurunean jaso ahal izatea behar dituzten zaintzak, egoera klinikoak horretarako aukera ematen duenean. Ospitaleko taldeek guardiak lokalizatuta izango dituzte, eta beharrezkoa denean etxeetara joango dira, ospitaleratzea saihestu ahal izateko.
Gainera, HaurSarek arreta 24 orduz eta asteko zazpi egunetan bermatu nahi du. Zerbitzu hori pixkanaka ezarriko da datorren urtean zehar, sarearen hedapena sendotzen den heinean. Horretarako, Lehen Mailako Arreta, Pediatria, ospitaleetako espezialitateak eta Osakidetzako Osasun Aholkua koordinatuko dituzte.
Paziente bakoitzak eta haren familiak erreferentziazko profesionalak eta arreta-plan indibidualizatua izango dituzte. Psikologia- eta gizarte-laguntza ere eskainiko dute, baita dolu-prozesuan laguntza ere.
Eredu berrian, erizain kudeatzailearen figura izango da giltzarrietako bat. Profesional horrek paziente konplexuenen etxeko arreta koordinatuko du, eta familien eta osasun-sistemaren arteko harremanetarako erreferentea izango da.
Gaixotasun kroniko konplexuak dituzten haurren arreta indartzea
Aurrerapen medikuei esker, gero eta haur gehiagok bizitzen dute urte luzez gaixotasun konplexuekin. Patologia kroniko konplexua duten adingabeek pediatriako biztanleriaren % 6,8 osatzen dute. Horrez gain, 10.000 adingabetik 90 inguruk zainketa aringarriak behar dituzte.
Talde txikia izan arren, pediatriako ospitaleratzeen bostetik bi inguru eragiten dituzte, pediatriako ZIUko egonaldien erdia baino gehiago eta ospitaleetan adingabeen artean gertatzen diren hamar heriotzatik zortzi.
HaurSare Euskadiko Zainketa Aringarrien 2023-2027 Planaren barruan dago, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadiko Osasun Itunean hartutako konpromisoari erantzuten dio. Sarearen hedapena mailaka egingo da, profesionalak eta arreta-zerbitzu berriak pixkanaka txertatuz, Euskadi osoko estaldura osoa lortu arte.