Gasteiz, 2027ko Europako Hiri Irisgarriaren sarirako sei finalistetako bat
Madril ere hautatu dute finalista, Europako beste lau hirirekin batera. Abenduaren 4an jakinaraziko dute irabazlea nor den, Desgaitasuna duten Pertsonen Europako Egunaren harira egingo duten ekitaldian.
Gasteiz 2027ko Europako Hiri Irisgarriaren sarirako hautatutako sei finalistetako bat da. Madril ere hautatu dute, Matosinhos (Portugal), Milan (Italia), Poznan (Polonia) eta Zagreb (Kroazia) hiriekin batera.
Europako Batzordeak ematen duen sariak desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna hobetzeko udalerriek egindako lana aitortzen du. Besteak beste, espazio publikoetan, garraioan eta udal-instalazio eta -zerbitzuetan sarbidea errazteko hartutako neurriak baloratzen ditu.
Hadja Lahbib Berdintasun eta Prestakuntzarako Europako komisarioak nabarmendu du irisgarritasuna eguneroko bizitzako jarduerak oztoporik gabe egin ahal izatea dela: autobusa hartzea, denda batean sartzea, lanera joatea eta hiriak eskaintzen dituen aukerez gozatzea. Desgaitasuna duten pertsonentzat, ordea, jarduera horiek oztopoz betetako bidea izaten jarraitzen dutela ohartarazi du.
Guztira, Europar Batasuneko 16 estatu kidetako 50 hirik aurkeztu zuten hautagaitza. Epaimahai nazionalek 24 hiri aukeratu zituzten aurrehautaketarako, eta Europako epaimahaiak erabaki du zein sei igaroko diren finalera.
Irabazlea abenduaren 4an jakinaraziko dute, Europako Batzordeak eta Desgaitasunaren Europako Foroak elkarrekin antolatutako Desgaitasuna duten Pertsonen Europako Egunaren konferentzian.