Durangoko Azoka
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Abenduaren 5ean faxismoari eta eskuin muturrari euskaraz aurre egiteko deia zabaldu du EHEk

"Euskararen egoera larriak euskararen aldeko borroka bizkortzea eta indartzea eskatzen du, berehalakoan eta nahitaez —are gehiago, kontrako haizea hain harro dabilen garaian—; baina, horretarako, euskara lehentasun politiko eta sozial bilakatu behar dugu Euskal Herri osoan", nabarmendu dute antolatzaileek.

prentsaurrekoa

Durangoko Azokaren egitaraua aurkeztu duten egun berean, abenduaren 5erako manifestazio nazionala deitu du Euskal Herrian Euskarazek, "faxismoari eta eskuin muturrari euskaraz erantzuteko". Durangoko Landako Gunetik abiatuko da protesta, Azokaren bigarren egunean, 13:30ean.

50 eragilek baino gehiagok eman diote atxikimendua ekitaldiari, tartean Euskalgintzaren Kontseiluak, AEKk, Ikastolakek, Elkar Fundazioak eta Euskal Konfederazioak. Bestelako herri mugimenduek (Ikama, Bilgune Feminista, Jardun Koordinadora, Gure Esku, Ernai…) ere bat egin dute deialdiarekin, baita Steilas, LAB, ELA, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea sindikatuek ere. 

"Manifestazioaren aurkezpen agerraldian azaldu genuen moduan, euskararen egoera larriak euskararen aldeko borroka bizkortzea eta indartzea eskatzen du, berehalakoan eta nahitaezean —are gehiago, kontrako haizea hain harro dabilen garaian—; baina, horretarako, euskara lehentasun politiko eta sozial bilakatu behar dugu Euskal Herri osoan eta hori, han eta hemen gauden euskaltzaleon aktibazioari eta antolakuntzari esker lortuko dugu", nabarmendu dute.

Testuinguru horretan, azpimarratu dute eskuin muturra eta faxismoa indartzen ari direla eta "gainditutzat genituen diskurtso erreakzionario eta atzerakoiek" lekua irabazi dutela.

Horregatik, antifaxismoan oinarritutako euskararen aldeko borroka aldarrikatu dute; "azken buruan, zapalkuntza guztiak gaindituko dituen Euskal Herri euskalduna eraiki nahi dugulako eta hori ezin delako beste modu batera egin".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X