Donostiako Alde Zaharra eta kaia monumentu-multzo izendatuko dituzte
Donostiako Alde Zaharra eta kaia babesteko egitasmoa aurkeztu dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak. Hainbat eraikin, plaza eta kale monumentu-multzo izendatuko dituzte, haien balio historiko, arkitektoniko eta urbanistikoa aintzat hartuta.
Proiektua urte bukaeran onartuko dute behin betiko, dekretu bidez, baina gaur Bingen Zupiria Kultura sailburuak eta Eneko Goia alkateak egitasmoaren xehetasunak azaldu dituzte udal liburutegian egindako agerraldi batean.
Alde Zaharra eta kaia monumentu historikotzat izendatzeko espedientea 1987an hasi zuten eta, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak orain egindako akordioari esker, prozesua aurten gauzatuko da. Euskal Autonomia Erkidegoan 18 herrik jaso dute aitortza hori; Bilbok, adibidez, 1996an eskuratu zuen, eta Gasteizek, 1997an.
Donostia babesteko proiektua hilabete honetan argitaratuko dute EAEko Aldizkari Ofizialean eta ondoren alegazioak aurkezteko epea zabalduko da.
Sei babes-maila aurreikusten ditu, oinarrizkoenetik hasita maila goreneraino. Babes-maila handiena, besteak beste, ondoko eraikinek jasoko dute: Santa Maria del Coro basilikak, San Vicente elizak, San Telmo museoak, Santa Teresa komentuak eta udal liburutegiak (udaletxe zaharra).
Erdi-mailako babesa, berriz, Konstituzio eta Trinitate plazek, Printzipal antzokiak, kaiko ermitak, akuarioak eta itsas museoak jasoko dute.
Alde Zaharreko etxebizitza gehienak oinarrizko babes izendapena izango dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak