Errefuxiatu bakoitzeko 6.000 euro emateko asmoa du Bruselak
Europar Batasunean migratzaileen 'zentro kontrolatuak' finantzatzeko proposamena jakitera eman du astearte honetan Europako Batzordeak. Horrela, erreskate barkuei lehorreratzeko baimena ematen dieten Mediterraneoko herrialdeak lagundu nahi ditu Bruselak. Gainera, Estatu kide batek onartzen duen errefuxiatu bakoitzeko 6.000 euroko diru-laguntza emango du Europako Batzordeak.
Zentroak Estatuek kudeatuko dituzte, baina Batzordearen eta Europako agentzien “erabateko babes” logistiko eta ekonomikoa izango dute. Horrela, portuetan, Frontexek, Europolek eta Europako Asilo Laguntzarako Bulegoak zehaztuko dute nazioarteko babeserako eskubidea duten etorkinak eta jaioterrira itzuliko diren pertsonak.
Litekeena da, EBk aldi baterako neurriak datozen egunetan onartzea; Mediterraneoko uretan erreskatatutako migratzaileen lehorreratzea antolatzeko lankidetza marko berri bat “lehenbailehen” martxan jartzeko; izan ere, EBren babes ekonomikoa eta logistikoa zehaztu dute dagoeneko.
Bestalde, Afrikako iparraldean “lehorreratze zentroak” sortzea proposatu du Europako Batzordeak, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziarekin eta Migraziorako Nazioarteko Erakundearekin “lankidetza estuan”. Europan izango diren zentroen osagarri bezala funtzionatuko lukete.
Estatu kide bateko erreskate ontziek nazioarteko uretan erreskatatzen dituzten migratzaileak Afrikako iparraldeko herrialde seguruetan lehorreratzeko aukera izango dute, Aljeria, Tunisia edo Egipton esaterako. Hala ere, herrialde horiek zentroak hartzea onartu beharko dute.
Uztailaren 30ean bilera egingo dute Genevan. EBko Estatu kideak, Mediterraneoko herrialde guztiak, Afrikako Batasuna, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentzia eta Migraziorako Nazioarteko Erakundeko ordezkariak bilduko dira, lankidetza estrategia eragile guztiekin eztabaidatzeko asmoarekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak