Indarkeria matxista
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gizon bat atxilotu dute Andoainen, bi emakumeri ukituak egiteagatik

Bi 'eraso sexistak salatu eta gaitzetsi' ditu Andoaingo Udalak adierazpen instituzional batean. Era berean, bi biktimei elkartasuna adierazi die.

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du gaur Andoainen (Gipuzkoa), gutxienez bi emakumeri kalean sexu-ukituak egiteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Gertakariak 09:50 aldera jazo dira. Antza denez, atxilotuak emakume bati eraso egin dio kalean, eta ukituak egin dizkio.

Biktimak Ertzaintzari abisua eman dio. Ertzainek susmagarria kalean aurkitu eta atxilotu dute 10:35 aldera.

Ondoren, 10:00ak aldera Andoainen antzeko beste eraso bat gertatu dela jakin du Ertzaintzak. Bigarren emakume honek Udaltzaingoari gertatutakoaren berri eman dio.

Ertzaintza atxilotuak bigarren sexu-abusu honekin zerikusirik duen ikertzen ari da.

 

Udala: "Gizarte parekide bat eraikitzeko beharra agerian utzi du gertakari larriak"

 

Bi "eraso sexistak salatu eta gaitzetsi" ditu Andoaingo Udalak adierazpen instituzional batean. Era berean, bi emakumeei elkartasuna adierazi die.

"Gizarte parekide bat eraikitzeko eta gizonen eta emakumeen arteko botere harremana gainditzeko beharra agerian utzi du gertakari larriak", uste du. Udalaren hitzetan, indarkeria matxista "lehen mailako arazoa da".

"Arazo kolektibo bat da, guztiena, eta indarkeria matxistari aurre egitea guztien erantzukizuna da, emakumeena zein gizonena, herritarrena, elkarteena eta erakundeena", erantsi du.

Gertakariak gaitzesteko udaletxearen aurrean elkarretaratzea deitu du Udalak asteazken honetarako.

___________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X