Kolon eta ondesteko minbizidunen biziraupena % 20 hazi da Osakidetzaren planari esker
Osakidetzaren bahetzeko programaren bidez kolon eta ondesteko minbizia hauteman zitzaien pertsonen 5 urteko biziraupena Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako hautemate goiztiarreko programan parte hartu ez zutenena baino % 20 handiagoa izan da. Horixe da Osakidetzako espezialistek egindako eta European Journal of Gastroenterology and Hepatology aldizkari zientifiko ospetsuaren azken zenbakian argitaratutako lan baten ondorio nagusia.
Jon Darponek zuzentzen duen sailak sustatzen dituen biztanleriaren bahetze-programen helburua da minbiziaren aitzineko lesioak eta minbizi sortu berriak goiz hautematea, herritarren biziraupena eta bizi-itxaropena handitzeko.
Kolon eta ondesteko minbizia bahetzeko programan parte hartu duten pertsonen biziraupenaren luzapen horri esker, EAEk 2017an 2030eko eredu teorikoen aurreikuspena erdiestea lortu du. Horrenbestez, emaitzek hasierako aurreikuspenak erraz gaindi ditzakete, bahetzeko euskal programa mundu osoan parte-hartze handienetakoa duena eta Espainiako Estatuan handiena duena dela kontuan hartuta.
Azterketaren egileen arabera, parte-hartze kopuru horiekin litekeena da etorkizunean biziraupena hobetzea eta, horrez gainera, minbizi berriak agertzeko intzidentzia murriztea. Izan ere, bestela gaizto bilakatu eta, beraz, sabeleko kirurgia eta batzuetan kimioterapia edo antzeko tratamendua beharko luketen lesio aurre-gaiztoak, modu honetan kolonoskopia bidez diagnostikatu eta erauzi ahal izango baitira.
EAEko kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programak hamar urte bete ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarri zuenetik. Denbora horretan, 26.856 gaizto bihurtu aurreko lesio (adenoma aurreratuak) eta lesio gaizto (minbizi inbaditzaileak) hauteman eta tratatu dituzte; horien % 69,6 gizonetan eta % 30,4 emakumeetan diagnostikatu zituzten. 10 urte horietan diagnostikatutako minbizi inbaditzaile guztietatik, % 69 hasierako faseetan (I-II) aurkitu ziren. Horrek bizi-kalitate hobea, biziraute handiagoa eta bahetzea egiten hasi aurretik zegoen egoera baino askoz hobea suposatzen du. Ordura arte kasuen % 40 bakarrik aurkitu ziren hasierako fasean.
50 eta 69 urte arteko pertsonak dira kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programen xede-populazioa, nazioarteko estandarrek hala ezarrita, talde hori delako onurak lortzen dituena. Xede-populazioa gurean 591.744 pertsona dira; horietatik, % 51,4 emakumeak dira (alegia, Euskadiko biztanleen % 27,2), EUSTATen biztanleria-datuen arabera. Abian jarri zenetik aurtengo lehen hiruhilekora arte, Osakidetzako programak EAEko xede-populazio osoa gonbidatu du parte hartzera, gutxienez hiru aldiz.
Nazioarte mailan bere eraginkortasuna egiaztatuta duen kolon eta ondesteko minbizia bahetzeko programaz gain, Osakidetzak bularreko minbiziari aurre egiteko programa du, eta zerbix edo umetoki-lepoko minbiziari aurre egiteko programa zabaltzen ari da. Hori guztia, Euskadiko Onkologia Planaren esparruan. Plana 2018ko uztailean jarri zen martxan, diagnostikoko denborak murriztu eta gaixotasun hau sendatzeko etengabeko hobekuntza sustatzeko. Horixe da Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzaren lehentasunezko helburuetako bat.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak