Korrikaren amaiera ekitaldia: egitarau osoa
Handia izaten ari da Korrikaren 21. edizioa, eta amaiera ekitaldia ere tamainakoa izango da, antolatzaileek gaur iragarri dutenez.
12:30ean sartuko da lekukoa Andre Maria Zuriaren plazan, 2.500 kilometro egin eta gero, Dato kaletik. Han, hamaika egunez eskuz esku joan den lekukoak zer mezu gordetzen duen jakingo dugu, eta, jarraian, festarako hamaika aukera izango dira.
Foru plazan, kontzertuak izango dira, 14:00etatik aurrera: Libe, Trikoma, Koban eta Gozo-Gozo erromeria. Buruileriak plazan, Mice, Konpost eta Ene Bada! entzuteko parada izango da.
Gainera, Enparantza Berrian, magia, tailerrak eta "akrobazia ikuskizun emozionala" egongo dira publikoaren gozagarri, eta dantza eta bertso saioak, Aihotz plazan. Sabela betetzeko aukerak ere egongo dira eskura, hala nola Landatxo kiroldegiko jantokia eta artisau azokak, Probintzia plazan eta Posta kalean.

(Handiago ikusteko, sakatu saguko eskuin botoia eta "Ikusi irudia")