Kartzelara bidali dute Barakaldoko gizon bat, alabari sexu erasoa egiteagatik
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Barakaldon, eta epaileak kartzelaratzeko erabaki hartu du, adin txikiko alabari ustez sexu erasoa egiteagatik.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 52 urte ditu gizonak eta ostegunean atxilotu zuten. Atzo, epailearen aurretik igaro eta Basauriko espetxera bidali zuen honek.
12 urte ditu biktimak eta ustez, sei urte zituenetik jasan ditu erasoak. Irakasle bati kontatu zion gertatzen ari zitzaiona eta honek salaketa jarri zuen.
Une honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean dago neska, eta Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, besteak beste, bere amak eta anai-arrebek gertatzen ari zenaren berririk ba ote zuten.
Bozeramailea batzordearen adierazpena eta kontzentrazioa
14:00etan batzarra egin du Barakaldoko Udaleko bozeramaile batzordeak eta ohar instituzionala onartu dute gertatu denarekiko "arbuio" gogorrena adieraziz eta Barakaldoko herriak ez dituela horrelako "eraso matxistak onartzen" berretsiz.
Horrekin batera, udal batzordeak bat egin du mugimendu feministak biharko deitutako protestarekin. 12:00etan izango da elkarretaratzea, Herriko plazan.
Udalak, gainera, dituen baliabide guztiak jarri ditu biktimaren eta haren familiaren esku.