SEGURTASUNA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Atxilotu eta ikertuen aurrekarien berri ematen hasi da Ertzaintza

Atxilotuen jatorriaren berri ematen hasi eta urtebetera iragarri du Bingen Zupiriak irizpide berria. Helburua “informazio ahalik eta argiena” dela azaldu du, baina “estigmak sortzen dituela” kritikatu dio EH Bilduk.
Iragarkia
18:00 - 20:00

Ertzaintzak atxilotzen eta ikertzen dituen pertsonen aurrekari polizialen berri emango du, eta iaz hartutako irizpideari eutsiko dio jatorria adierazteari dagokionez. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak adierazi du ez duela arrazoirik ikusten iaz ezarritako komunikazio-irizpide hori aldatzeko, informazioa “testuinguruan kokatzen” laguntzen duelakoan.

Jatorriari buruzko informazioa “bereziki” emango dute zenbait delitu motatan: homizidioak, lesioak, sexu-erasoak, arma zuriz egindako erasoak, eta indarkeriaz egindako lapurretak, betiere “modu mugatuan eta testuinguruan”. Adibide gisa, sailburuak aipatu du joan den astean Bilbon izandako istiluen kontestua ulertzeko lagungarria dela adieraztea 17 atxilotutik 14k nazionalitate espainiarrekoak direla.

Nolanahi ere, ziurtatu du “etengabeko azterketa” egingo diotela onartu zuten kriterioari, eta beharrezko ikusten dituzten egokitzapenak egingo dizkiotela. Azterketa horren ondoriozko berritasun nagusia aurrekari polizialen informazioan dago: Zupiriak iragarri du atxilotu eta ikertutako pertsonen aurrekari polizialak ere ematen hasi dela Ertzaintza.

 

“Elkarrizketa emankorra” Arartekoarekin

Zupiriaren esanetan, “elkarrizketa emankor bat” izan dute Arartekoarekin, atxilotuen jatorria ematearen inguruan, eta prest daude “ebazpenaren izpiritua errespetatzeko”, modu horretan “gerta litekeen edozein estigmatizazio saihesteko eta segurtasunari eta polizia-jarduerei buruz eskainiko den informazioa testuinguruan kokatzeko”.

Segurtasun Sailak Arartekoari jakinarazi dio taula estatistikoak argitaratzen jarraituko duela, non delitugileen jatorri geografikoa jasotzen jarraituko baituten. Biktimen kasuan, zehaztutako irizpidea da jatorria “beti eta kasu guztietan” ematea. Arartekoak iaz adierazi zuen prentsa-oharrek ekidin egin beharko luketela jatorriari buruzko datuak ematea. 

 

EH Bilduk kritikatu du neurriak “estigmak sortzen” dituela

Gobernuaren kontrolerako Osoko Bilkura izan da gaur Eusko Legebiltzarrean, eta bertan egin dio galdera EH Bilduko Eraitz Saez de Egilaz legebiltzarkideak Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari. Atxilotuen jatorriari buruzko informazioa ematea “ekintza politikoa” dela ohartarazi dio parlamentariak: “estigmak sortzen ditu, datuen babesaren aurkakoa izan daiteke eta errugabetasun-presuntzioa zalantzan jartzen du”. Hori dela eta, galdetu dio ea zergatik ez diren beste datu batzuk ematen. Erantzunean eman du Zupiriak irizpide berriaren berri: jatorriaz gain, aurrekariak ere ematen hasi direla.

EH Bilduk adierazi du Gipuzkoa dela “gorroto-delitu kopurua gehien hazi den lurraldea", eta Segurtasun Sailak iaz finkatutako irizpidearen kontra agertu zirela hainbat erakunde, tartean SOS Arrazakeria, Juezas para la Democracia eta Arartekoa. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Ignacio Jose Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea ere aipatu ditu, baita Eusko Legebiltzarraren gehiengoa aurka dagoela adierazi ere, eta horri buruz gogoeta egin dezan eskatu dio Saez de Egilazek Zupiria sailburuari. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X