Arartekoak Segurtasun Sailari galdetu dio zergatik hasi den atxilotuen jatorriaren berri ematen
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak azaldu zuen irizpidea aldatzea erabaki zela, atxilotuen jatorriariaren inguruan Eusko Legebiltzarrean eskuineko alderdiak egiten ari ziren "presio izugarriaren" ondorioz.
Ertzaintzak atxilotzen dituen pertsonen jatorria jakinarazten zergatik hasi den galdetu dio Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari.
Azken urteotako irizpidea aldatu, eta joan den urritik, Segurtasun Saileko prentsa zerbitzuak atxilotuen jatorria zein den esaten du. Estatu espainiarrean polizia bakarra da hori egiten duena.
Orain hamar urte baino gehiago, Arartekoak bere gomendioetako batean, honakoa esan zuen: polizien prentsa-oharrek ekidin egin beharko lukete jatorriari buruzko datuak ematea, baldin eta informazio hori ez bada beharrezkoa albistea ulertzeko. Herriaren defendatzailearen iritziz, atxilotuen jatorria zabaltzeak ez du laguntzen atzerriko pertsonen gizarteratzean; estereotipoak eta aurreiritziak areagotzen ditu, eta kolektibo jakin batzuei buruzko ikuspegi okerra zabaltzen du.
Halaber, gomendio hori zabaldu zuenean, Arartekoak gogora ekarri zuen Europar Kontseiluko Arrazakeriaren Aurkako Batzordearen irizpidea ere hori bera zela: ustezko delitugileen arraza, erlijio edota nazionalitateari buruzko informaziorik ez zabaltzea gomendatzen du Europak. Ordutik, Ertzaintzak bere prentsa-oharretan ez zuen atxilotuen jatorriari buruzko informazioa zabaltzen.
Joan den urriaren 22an eman zituen Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak irizpide aldaketari buruzko azalpenak. Bere hitzetan, PP eta Vox Eusko Legebiltzarrean atxilotuen jatorria zabaltzeko egiten ari diren "presio izugarriaren" ondotik hartu dute erabakia. "Azkenean, hobe da gauzak diren moduan azaltzea, estigmatizatu gabe, eskuin muturrarekin ika-mikan ibili beharrean. Datu hauek ere, Euskadiko delinkuentziaren egoeraren erakusle dira", esan zuen.
Erantzuna jasotzen duenean, egoera aztertu eta zein urrats eman erabakiko du Arartekoak.