Depresioak Atlantikotik
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Larunbatera arte luzatu dute abisu horia, 110 km/h-ko boladak erregistratu ostean

Bihar ere abisu horia ezarriko dute, nabigaziorako arriskuagatik eta kostaldean izango duen inpaktuagatik. Donostiako Pasealeku Berria itxita egongo da ibilgailuen trafikoarentzat.
Haizea Elgetan,
Haizea Elgetan, gaur goizean. Argazkia: Iñaki Zenitagoia

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak larunbatera arte luzatu du abisu horia, 100 km/h-ko haize-boladak izan daitezkeelako. Azken orduetan, 110 km/h-ko boladak izan dira Matxitxakon, 104koak Oizen, 102koak Urduñan eta 89koak Zizurkilen.

Gaur abisu horia ezarri dute haizeagatik 18:00ak arte. Hego-osagaiko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete haizeguneetan, batez ere Gipuzkoako mendietan. Toki babestuetan, berriz, haize-boladak 80 km/h-koak izan daitezke Bizkaian eta Gipuzkoan; Araban, berriz, 70-80 km/h-koak izatea espero da.

Bihar, 03:00etatik 15:00etara bitartean ezarriko dute abisua haizeagatik. Mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize-boladek orduko 100 kilometroko abiadura gaindituko dute itsasertzeko haizeguneetan, eta 80-100ekoa mendi-eremuetan. Toki babestuetan, orduko 60-80 kilometroko boladak izan daitezke.

5 metrorainoko olatuak

Larunbatean ere, abisu horia aktibatuko dute, 06:00etatik eguna amaitu arte, nabigaziorako arriskuagatik; izan ere, olatu adierazgarrien altuera 3,5 metrotik 5 metro ingurura igotzea espero da. Arratsalde-gau partean, 4 edo 3,5 metroraino jaitsiko da.

Itsasaldeko arriskuagatik ezarriko duten abisua 13:00etatik 15:00etara izango da indarrean kostaldean. Itsasgora 13:55ean izango da, 4,56 metroko marearekin.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X