KORONABIRUSA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Irailera arte atzeratu dituzte ikastolen jaiak

"Datak gerturatu ahala, ikusiko dugu aurrera egin dezakegun, edo atzera egin beharko dugun; baina, gaur-gaurkoz, determinazio osoa dugu jaiak ospatzeko", adierazi dute.
Ikastolen jaiak
Ikastolen jaiak. Irudia: Ikastolen Elkartea

Ikastolen Elkarteak ikastolen udaberriko jaiak irailera arte atzeratzea erabaki du. Prentsaurreko batean azaldu dutenez, jaiak "udazkenean egiteko aukera aztertzen eta datak bilatzen" aritu dira azken asteetan, eta hainbat faktore kontuan izanda (logistikakoak, osasun eta segurtasun prebentziozkoak…), ikastolen aldeko jaiak udazkenean ospatzea erabaki dute. "Datak gerturatu ahala, ikusiko dugu aurrera egin dezakegun, edo atzera egin beharko dugun; baina, gaur-gaurkoz, determinazio osoa dugu jaiak ospatzeko", adierazi dute.

Jai horien helburuak auzolanaren bitartez ikastolako kideen artean, ikastolen artean eta ikastolen eta herrietako eragileen artean harremanak estutzea, euskarari "bozgorailu handi bat" jartzea eta hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzea direla adierazi dute.

Horrez gain, egindako lana eskertu nahi izan diete "urte osoan lanean aritu diren boluntarioei, gure jaietan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten kantari, musikari, dantzari, pailazo eta artista guztiei, azpiegituraz arduratzen diren guztiei eta gure babesle eta laguntzaileei".

Ardura eta erantzukizunez jokatuko dutela azpimarratu dute, eta osasuna bermatzeko prebentzio neurri guztiak ezarriko dituztela, formatu egokituak, jan-edana baldintza seguruetan eskaintzea eta garbiketa sakontzea, besteak beste.

Jaientzako data berriak ere ezarri dituzte: Herri Urrats, irailaren 20an Senperen (Ipar Euskal Herria); Kilometroak, urriaren 4an Amasa-Villabonan eta Zizurkilen (Gipuzkoa); eta Araba Euskaraz eta Ibilaldia, urriaren 18an Amurrion (Araba) eta Elorrion (Bizkaia). Bi jaiak egun berean izango dira, bi herri eta lurralde desberdinetan. 

Jai horiez gain, Nafarroa Oinez egitea aurreikusita zuten urriaren 18an, Lizarran. Hala ere, azaldu dutenez, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak "ez direla baldintzak ematen jaia aurten ospatzeko ikusi dute, eta hurrengo urtera atzeratu dute".

Euskal Herriko ikastolen alde eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio baten alde aurten ateratako TANTA txartelaren truke egingo den 60.000 euroren zozketa eguna ere atzeratu egin dutela adierazi dute. Ekainaren 25ean egin beharrean, urriaren 21ean izango da zozketa, notario aurrean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, bai eta kalean eta leku itxietan ere baldin eta bi metroko segurtasun-tartea ezin bada bermatu.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela

ELAk  adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X