2 hildako EAEn eta 1 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, 2 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte 1513 hildako zenbatu dira. Horrez gain, 5 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan emandako datuen arabera (asteazkeneko 24:00ak arte bildutako datuak).
Horrela, datuek hobera egin dute asteazkenean zabaldutakoekin alderatuta, eta koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute; izan ere, hildakoen kopurua 10etik beherakoa izan da. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 4790 detekzio-proba egin zituzten atzo: 3394 PCR eta 1396 test serologiko.
Azken orduetan, 5 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.501 positibo guztira) eta 92 test serologikoen bidez (6170), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 19.671 kasu baieztatu dira orain arte.
Bizkaian, 4 kasu atzeman dituzte PCR bidez, eta bertan baieztatu dituzte orain arte positibo gehien (7596 guztira). Gipuzkoan, berriz, kasu 1 zenbatu dute azken orduetan (2314), astebete positiborik atzeman gabe igaro ostean, eta Araban (3002), ordea, ez dute kasu berririk atzeman azken 24 orduotan.
Bizkaian baieztatutako kasuei dagokienez, Arrigorriagan (1) eta Bilbon (3) atzeman dituzte. Gipuzkoako kasuan, berriz, Donostian (1) bizi da azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duen herritarrak.
Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 589 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken lau egunetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 194.387 PCR proba eta 110.579 test azkar egin zaizkie 170.473 pertsonari (paziente askori behin baino gehiagotan egin zaizkie probak).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 193 pertsona sendatu dira (17.895 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,64). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.
Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak gora egin du, atzo zabaldutako datuekin alderatuta paziente bat gehiago baitago. Horrela, gaur egun 28 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.
Orain arte, guztira 1513 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,7), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Gainera, 263 gaixo daude oraindik (% 1,3). Azken orduetan, 4 pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, gaur egun 281 pertsona daude ospitaleratuta (253 gela arruntetan eta 28 ZIUetan).
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan egindako agerraldian, tabakoaren kontsumoa arrisku-faktorea dela gogora ekarri du Nekane Murga Osasun sailburuak, eta COVID-19arekin kutsatzen diren pertsonen egoera larriagotzen duela gaineratu du.
Horrela, erretzeari uzteak duen garrantzia azpimarratu du; izan ere, erretzaileek arrisku handiagoa dute sintoma larriak garatzeko eta birusaren ondorioz hiltzeko. Gainera, erretzeak birusa azkarrago zabaltzea errazten duela frogatu dute osasun arloko adituek, eta Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ere gauza bera adierazi du.
Prentsaurrekoan, Ana Bustunduy Osakidetzako osasun-laguntza zuzendaritzako kideak ere parte hartu du, eta herritarrei erretzeari uzten laguntzeko tratamendu berriak ezagutzera eman ditu.
Zehazki, aurrez aurrekoak ez diren bi laguntza-tresna berri ezarriko dira Lehen Mailako Arretako osasun-zentroetan, tabakoa utzi nahi dutenentzat. Tratamendu eta jarraipen profesionala konbinatzen dituen terapia-programa da, aplikazio mugikor batekin eta bideokonferentzia bidez egindako taldeko bilerekin batera, Osakidetzan eskaintzen diren tratamenduak indartuko dituena.
Bestalde, Osasun Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak desadostasunak dituzte COVID-19aren pandemiari buruzko datuen inguruan.
Alde batetik, Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, azken 24 orduetan 17 koronabirus kasu berri izan dira Foru Erkidegoan, PCRk baieztatuta, eta ez da hildakorik izan. Hala ere, 18 kasu berri eta hildako bat daudela jakinarazi du Foru Gobernuak.
Azken egunetan gertatu den bezala, kasuen eta hildakoen datuak ere ez datoz bat. Horrela, Osasun Sailak guztira 5.223 kasu eta 490 hildako zenbatu dituen bitartean, Nafarroako Gobernuak 5.264 kasu eta 514 hildako erregistratu ditu. Nafarroako kasu positiboak 9.159 dira jada maiatzaren 28ko datuen arabera. Test azkar bidez baieztatutako positibo berriak 53 izan dira.
Sendatutako pertsonak 5.442 dira.
Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, Epidemiologia Zentro Nazionalaren Espainiako Zaintza Sistemarekin harremanetan dago, "Nafarroako COVID-19aren datuen serieak balioztatuz eta araztuz; beraz, kasu guztiek aldaketak izan ditzakete egun batetik bestera".
Foru Gobernuaren datuen arabera, 74 pertsona daude ospitalean, aurreko egunean baino bi gutxiago. Horietatik 60 gela arruntetan daude -bi gutxiago-, 11 zainketa intentsiboetao unitateetan eta hiru etxeko zaintzan. Une honetan 55 kasu aktibo daude osasun arloan, bi gutxiago azken 24 orduetan.
Osasun Sailak 27.119 hildako zenbatu ditu
Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak argitaratutako azken txostenaren arabera, koronabirus berriak guztira 27.119 pertsona hil ditu Espainian, hau da, asteazkenarekin alderatuta bat gehiago. Gainera, azken zazpi egunetan 39 pertsona hil dira.
Orain arte, 237.906 pertsonak eman dute positibo PCR proba batean, hau da, 182 gehiago egun batean, 11.389 pertsona Zainketa Intentsiboetako Unitate (ZIU) batean sartu dira, 11 azken zazpi egunetan, eta 123.804k ospitaleratzea behar izan dute, 301 azken zazpi egunetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Albiste izango dira: Iparraldeko hauteskundeen emaitzak, Korrika eta Osakidetzako EPEa
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Hilda topatu dute Arredondon, Kantabrian, desagertutako mendizale bilbotarra
Goizeko lehen orduan aurkitu dute haren ibilgailua, eta, horri esker, mendizalea inguru horretan zebilela baieztatu, eta bilaketa-eremua mugatu dute.
Iruñea kolorez eta euskararen aldeko aldarrikapenez bete du Korrikak
Milaka lagun korrika ibili dira Nafarroako hiriburuko kale eta auzoetan barrena, euskararen aldeko festa jendetsu bihurtuta. Adin guztietako pertsonak bildu dira Iruñean, indarrak hartu ondoren, kaleak energiaz, emozioz eta konpromisoz betez.
Albaceteko zale batekin eztabaidatu ostean hil den Racingeko zale baten heriotza ikertzen ari dira
Ikerketaren gertuko iturriek baieztatu dutenez, gertakariaren jatorria ez dago futbolarekin lotuta, ezta bi taldeetako jarraitzaileen arteko borrokaldi antolatu batekin ere.
EITBk Korrikaren lekukoa eraman du Iruñean
Euskararen aldeko lasterketak EITBren babesa jaso du aurten ere. 24. Korrikaren 763. kilometroa korritu du EITBk, Iruñean, Sadar kalean. Arnaitz Fernandez ("Eguraldia") eta Amaiur Elizari ("Navarra Hoy") aurkezleek eta Iruñeko egoitzako lankideek eraman dute lekukoa Nafarroako hiriburuan.
Arrazakeriaren aurkako 29. martxak etorkinen erroldatzeko eskubidearen alde egin du
500 bat lagunek hartu dute parte gaur Pasaia eta Donostia arteko manifestazioan. SOS Arrazakeriak Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka antolatutako XXIX. Martxan, etorkinek erroldatzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute.
El Bocal kostaldeko pasabidean hildakoak gogoratzeko eta justizia eskatzeko protesta egin dute Santanderren
El Bocaleko pasabidean izandako ezbeharrean hildako sei gazteak gogoratzeko eta justizia eskatzeko protesta egin dute ehunka pertsonak eta kolektibok Santanderren. "Egiaren eta biktimen duintasunaren alde" lelopean, hirigunea zeharkatu dute udaletxeraino, eta bertan manifestu bat irakurri dute haien omenez.
Gizon bat atxilotu dute Bilboko Zorrotza auzoan, bi edukiontzi erretzea egotzita, eta beste zortzi erre ote dituen ikertzen ari dira
Atxilotuak bi edukiontzi erre dituela aitortu du. Sua bizkortzeko asmoz manipulatutako metxero bat zeraman aldean atxilotu dutenean.
Angulen legez kanpoko trafikoaren aurkako operazioa 10 atxiloturekin eta 400 kilo atzemanda amaitu da
Guardia Zibilak eta Jendarmeriak elkarlanean egindako operazioan, Gipuzkoan eta Iparraldean aritzen zen talde bat desegin dute.
Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen ere Korrika!
Korrikak ez duela mugarik erakutsi du berriz ere. Larunbat honetan ehunka lagun bildu dira Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen euskararen alde korrika egiteko. Tradizio bihurtzen ari da Euskal Herritik kanpo ere korrika egitea eta auten 50 hiri handitan antolatu dute hitzordua. Ikusmin handia eragin dute inguruan zebiltzan herritarren eta turisten artean.