KORONABIRUSA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Biztanleen % 70ek jarri beharko dute txertoa pandemia gainditzeko, MOEren arabera

Garapen fasean dauden txertoen eraginkortasuna ikusteke dagoen arren, Munduko Osasun Erakundeak uste du portzentaje hori nahikoa izango litzatekeela. 2021eko helburua % 20ra iristea da.
Osasun langile bat pertsona bati txertoa jartzen
Osasun langile bat pertsona bati txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) egindako kalkuluen arabera, munduko biztanleriaren % 70 immunizatu beharko litzateke pandemiaren amaiera bermatzeko, betiere garapen fasean dauden txertoak arrakastatsuak baldin badira.

Oraindik ikusteke dago zein eraginkorrak izango diren COVID-19aren aurkako txertoak, baina Soumya Swaminathan MOEko zientzialari buruak eta Kate O'Brien MOEko Immunizazio Departamentuko zuzendariak uste dute hori izango litzatekeela portzentaje egokiena, nahiz eta 2021erako helburua % 20ra iristea den.

"Ikertzen ari diren konpainia bakar batek ere ezin izango du berehala mundu guztiarentzako dosia eduki", ohartarazi du O'Brienek. Horregatik, laborategi guztiek ikerketarekin jarraitzea garrantzitsua dela esan du, nahiz eta horietako batek gainerakoei aurrea hartu.

Txertoari dagokionez aste honetan izandako aurrerapenak aztertzeko, internautekin bilera egin dute aipaturiko bi adituek. Horien esanetan, koronabirusaren aurkako borrokan garatutako teknologia berriek "etorkizuneko pandemietatik hobeto babesten lagun dezakete".

Pfizer-BioNTech proiektu germaniar-estatubatuarraren ikerketa klinikoetan % 90eko eraginkortasuna lortu dutela dioten albisteen aurrean, zuhurtzia eskatu du Swaminathanek. Adituaren esanetan, atariko emaitzak dira eta "datu gehiago behar dira" ekoizteko lizentzia jaso dezakeela bermatu arte.

Balizko txertoak jende askorentzat eskuragarri egotekotan ere, MOEko zientzialariek behin eta berriro nabarmendu dute immunizatuko diren lehenak osasun langileak eta arrisku taldeetako pertsonak izango direla, hala nola adinekoak edo patologia jakin batzuk dituzten gaixoak.

O'Brienen iritziz, eskaintza baino eskaera handiagoa izango den lehen hilabeteetan ez dira txertoak gorde behar. Ildo horretan, erreserba handiak sortzeko asmoaren aurka agertu da: "Zuzenena eta inteligenteena gehien behar dutenei ematea da".

Zero azpitik 80 gradu inguruko tenperaturan kontserbatu behar diren txertoek izan ditzaketen banaketa arazoei buruz galdetuta, adituek esan dute erronka bat dela hori, baina badela "izotz lehorra" deritzon teknologia lagungarria.

Gaur-gaurkoz, mundu osoko 200 laborategi baino gehiago ari dira COVID-19aren aurkako txertoaren bila, eta horietatik 10 azken fasean daude.

Zure interesekoa izan daiteke

Amaia Zabarte senarrarekin eta abokatuarekin
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Kasua artxibatu ostean, Justizian sinestea zaila egiten zaiela deitoratu du Amaya Zabarteren senarrak

Epaileak Amaia Zabarteren kasua artxibatzea erabaki zuen atzo, eta familiak helegitea jarri du gaur. Haren bikotekideak, Joseba Novoak, haserre eta minduta daudela dio. Deitoratu du epaileak ertzainen bertsioa bakarrik izan duela kontuan, lekukoek ziotena eta frogak alde batera utzita. Kasua auzitegi probintzialera iristen denean jarri du itxaropena, orduan espero baitu benetako justizia iristea.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eder Perez (BFF): "Epaileen aurkako indarkeria desagertu egin behar da, eta epaileen batzordeak hartzen dituen erabakien alde gaude, % 100ean"

Bizkaiko Futbol Federazioaren presidenteak argi adierazi du "epaileak babestea" dela lehentasuna. Basaurin izandako gertaera jakin horrez gain, egoerari modu orokorrean begiratu eta epaileen kontrako indarkeriarekin amaitu beharra dagoela esan du. Haren hitzetan, Federazioak eta futbolaren egitura osoak lan egin beharko dute horretarako. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X