Koronabirusa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Katalunian deseskalatze plana abiatuko dute tabernak hainbat baldintzarekin irekita

Generalitatearen planak lau fase ditu eta bakoitza gutxienez 15 egunez egongo da indarrean. Beraz, dena ondo bidean, deseskalatzea urtarrila erdialdean gauzatuko litzateke.
Jende musukoa jantzita Bartzelonako Ranblan.
Jende musukoa jantzita Bartzelonako Ranblan. Artxiboko argazkia: EFE

Osasun egoerak hobera egin duela eta, Kataluniako Gobernuak jakinarazi du datorren astelehenean jarriko duela martxan Irekiera Plana, koronabirusari aurre egiteko neurri murriztaileak arinduz.

Horrela, bada, astelehenetik aurrera tabernak eta jatetxeak 06:00etatik 21:30era irekitzea baimenduta egongo da, hainbat baldintza bete beharko badituzte ere: mahaietan gehienez lau pertsona elkartu ahalko dira, barruan edukiera % 30ekoa izango da eta bi metroko segurtasun-tartea errespetatzea derrigorrezkoa izango da.   

Horrez gain, jarduera kulturalak berriro martxan jarriko dituzte. Zinema, antzoki eta kontzertuetarako saletan edukiera % 50ekoa izango da eta, edonola ere, ezingo dira 500 pertsona baino gehiago bildu. Liburutegietan, museoetan eta erakusketetan edukiera % 33tik % 50era handituko dute.

Kirol jardueratan ere aldaketak izango dira astelehenetik aurrera: aire zabaleko kirol instalazioak % 50eko edukierarekin irekiko dituzte; pabilioietan eta gimnasioetan, berriz, edukiera  % 30ekoa izango da, aldagelak itxita egongo dira eta bertaratzeko hitzordua hartu beharko da.

Dendak itxita egongo dira eta 800 metro koadrotik gorako saltokietan gehienezko edukiera  % 30ekoa izango da.

Halaber, datorren astetik aurrera posible izango da ekitaldi erlijiosoak eta ospakizun zibilak egitea, betiere gehienezko % 30eko edukierarik. Eskola kanpoko jarduerak ere martxan jarriko dituzte, baina gehienez sei ikasle elkartu ahalko dira.

Bestalde, lehen fase honetan hainbat neurri murriztaile indarrean egongo dira: sei pertsonatik gora biltzeko debekua, etxeratze-agindua, Kataluniaren itxiera perimetrala eta asteburuetan norbere udalerritik ateratzeko debekua.   

Kataluniako Gobernuaren Irekiera Planak lau fase ditu eta fase bakoitza gutxienez 15 egunez egongo da indarrean. Pandemiaren bilakaera ona bada, normaltasuna berreskuratzeko egitasmoa bi hilabetetan gauzatuko litzateke, urtarrila erdialdean, hain zuzen ere.

 

Zure interesekoa izan daiteke

Amaia Zabarte senarrarekin eta abokatuarekin
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Kasua artxibatu ostean, Justizian sinestea zaila egiten zaiela deitoratu du Amaya Zabarteren senarrak

Epaileak Amaia Zabarteren kasua artxibatzea erabaki zuen atzo, eta familiak helegitea jarri du gaur. Haren bikotekideak, Joseba Novoak, haserre eta minduta daudela dio. Deitoratu du epaileak ertzainen bertsioa bakarrik izan duela kontuan, lekukoek ziotena eta frogak alde batera utzita. Kasua auzitegi probintzialera iristen denean jarri du itxaropena, orduan espero baitu benetako justizia iristea.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eder Perez (BFF): "Epaileen aurkako indarkeria desagertu egin behar da, eta epaileen batzordeak hartzen dituen erabakien alde gaude, % 100ean"

Bizkaiko Futbol Federazioaren presidenteak argi adierazi du "epaileak babestea" dela lehentasuna. Basaurin izandako gertaera jakin horrez gain, egoerari modu orokorrean begiratu eta epaileen kontrako indarkeriarekin amaitu beharra dagoela esan du. Haren hitzetan, Federazioak eta futbolaren egitura osoak lan egin beharko dute horretarako. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X