49 positibo hauteman ditu Osakidetzak Mallorcara joan ziren hainbat ikasleren artean
Gipuzkoako ikasle batzuen artean izandako agerraldia ikertzen ari da Osakidetza. Unibertsitatera sartzeko hautaproba egin ondoren, Mallorcan egun batzuk igarotzen izan diren ikasleak dira, donostiarrak gehientsuenak.
Agerraldia hainbat autonomia-erkidegotako beste ikasle talde batzuetan ere atzeman dute, besteak beste, Madrilen (245 positibo), Valentziako Erkidegoan (32 kasu), Murtzian (18) eta Aragoin, ikasturtea amaitutakoan Mallorcara bidaiatu zutenen artean.
Osasun Ministerioaren mendeko Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (CCAES) bilera deitu du gaur eguerdian autonomia-erkidegoekin, egoera eta agerraldiaren koordinazioa eta kontrola hobetzeko hartu beharreko neurriak berrikusteko.
Halaber, aztarnariek emandako datuak aztertuko dituzte, kutsatutako ikasleen kontaktu estuak azkar detektatzeko.
Antza denez, horietako batzuk sintomak nabaritzen hasi ziren etxera itzuli baino zerbait lehenago, eta, iritsi bezain laster, proba egiteko agindu zieten.
Osakidetzak jakitera eman duenez, 49 dira dagoeneko agerraldi honekin erlazionatutako kasu positiboak; hori ikusirik, baheketa abiatu dute, ikasleen "osasuna eta segurtasuna zaintzeko, baita gainerako biztanleena ere". Ikasleen eta horien kontaktuen artean, listu bidezko probak egiten ari diren baheketan 250-300 pertsonak parte hartuko dute, lehen kalkuluen arabera.
Donostiako La Salle, Usandizaga, Zubiri-Manteo, Zurriola eta Jesuiten ikastetxeetako eta Lasarte-Oriako Oriarte Institutuko ikasleak dira.
Gipuzkoako dozena bat eskolatatik Mallorcara joandako 300 ikasleak hegazkinez joan ziren uhartera sei eguneko egonaldia egitera, Tu Fin de Curso enpresak antolatuta, eta asteazkenean itzuli ziren gehienak.
Ikasleekin joan ziren begiraleetako batek, Telmo Ordinasek, adierazi du enpresak bere esku zegoen guztia egin duela covid-19aren aurkako neurriak betetzeko. Penaz hartu du gazteak orain egoera horretan egotea, aurreko urteetan baino bidaia murritzagoa egin zuten arren.
"Ezin izan dute dantzaleku handietara joan" eta Regeton Beach Festival jaialdian etengabe gogorarazi zizkieten segurtasun neurriak, gaineratu du.
Proba negatiboarekin joan ziren
Interneteko bidaia-agentzia batekin antolatu zuten bidaia gazteek, euren kasa. Mallorcara abiatu aurretik, covid-19a atzemateko proba egin eta negatibo eman zuten guztiek. Dirudienez, Mallorcan bertan sortu da agerraldia.
Gaur jende-ilara luzeak osatu dira Donostiako erdiguneko Bengoetxea kalean dagoen Osasun Etxearen bueltan. Ilara horretan, ikasleez gain, horien guraso ugari ere egon dira txandaren zain.
Osasun Sailak informazio gehiago emango du behin betiko emaitzak jasotakoan. Bitartean, beti bezala, ohiko segurtasun-neurriak mantentzea eskatu du. Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak, bere aldetik, arduraz jokatzeko eskatu die gazteei.
Gazteen artean kutsatze kopuru handia eta intzidentziaren igoera nabarmendu den egun berean izan da agerraldi horren berri. Osakidetzaren buletin epidemiologikoaren arabera, asteartean 41 kasu positibo atzeman zituzten EAEn 17 eta 18 urteko gazteen artean. Adin tarte horretako intzidentzia metatuta 100.000 biztanleko 301 kasukoa izan zen, EAEko intzidentzia orokorraren hirukoitza, atzo 108 kasukoa baitzen. Bezperan, adin tarte horretan 9 kutsatu atzeman zituzten eta intzidentzia 238koa izan zen.
Gipuzkoan ere, nabarmen egin dute gora kutsatzeek astelehenetik asteartera, 31 izan baitziren astelehenean eta 70 asteartean.
Igoera azpimarragarrienetako bat Donostian izan da: astelehenean 6 kutsatu zenbatu zituzten; asteartean, berriz, 48.
Ikasturte amaierako bidaia
Madrilgo Erkidegoko Osasun Departamentuak jakitera emandakoaren arabera, positibo guztiak aldaera britainiarrekoak dira, PCR proben bidez egiaztatu dutenez.
Iturri horien arabera, Madrilen oraingoz kutsatutako gazteen 452 ikaskideri bakarrik egiten ari zaie jarraipena, eta ez senideei; hori dela eta, kasuen kopuruak gora egitea espero dute.
Lehenengo kasu positiboak Valentziako Erkidegoan detektatu zituzten, Elxen, Valentziatik Mallorcara ferryan joan zen ikasturte-amaierako bidaia baten ostean. Ekainaren 12an abiatu eta 18an itzuli ziren ikasle horiek guztiak.
Zure interesekoa izan daiteke
Setenil herrira doazen turisten jarioa ez da eten, kalteak handiak izanik ere
Cadizko herririk bisitatuenetako bat da Setenil, herrixka zurien ibilbidean baitago. Setenilgo alkateak bisita gidaturik ez antolatzeko eskatu die turismo enpresei.
Euriari aurre eginez, Donostiako kaleak girotu ditu inude eta artzainen konpartsak
Ospakizun eguna dute gaurkoa Donostiako Parte Zaharrean. Azken 49 urteetan bezala, inauteri aurreko igandean, Kresala elkartearen konpartsa desfilean atera da, antzinako inauterietako pertsonaiak gorpuztuta. Sarriegiren doinuak lagun, zortziko, fandango eta arin-arinen erritmoek hartu dituzte Donostiako kaleak.
Euriteak baretu dira Andaluzian, azken egunotako ekaitzak igarota
Guadalquivir ibaian, Kordoban, agerikoa da egoerak hobera egin duela. Goizean, emariak behera egin du apur bat, gauerdian 6 metroko altuera izan ondoren. Jaitsiera horrek behin-behinean lasaitasuna eman du, baina garbiketak aurrera jarraitzen du etenik gabe, datozen orduotan euri gehiago egingo baitu.
Zaldibar Argitu plataformak auziaren instrukzio fasea amaitzeko galdegin du hondamendiaren 6. urtemugan
Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak gogoan, urtero legez, ekitaldia egin du herri plataformak Eitzaga auzoan. Bildutakoek esan dutenez, "gogaituta" daude, epaitegiak 72 hilabete baitaramatza ingurumen delituak ikertzen. "Argitu dadila dena", aldarrikatu dute. Horrez gain, zabortegiaren zati bat "babesik gabe" dagoela eta bertako hondakinak "zuzenean errekara jausten" ari direla salatu dute.
Arabako eta Gipuzkoako etxebizitzetan lapurretak egin zituen gaizkile talde bat desegin dute
Estatu osoan indarra erabiliz 25 lapurreta egin izana egozten diete, eta Araban lapurreta bat egin ondoren atxilotu dituzte taldea osatzen omen zuten lau kideak.
Mugimendu sismikoak izan dira Andaluzian, denboralearen ondorioz
Intentsitate txikiko lurrikarak izan dira Cadizko mendilerroan eta Malagako hainbat udalerritan.
722 larrialdi eragin ditu larunbatean Marta ekaitzak Andaluzian, eta 11.089 lagunek etxetik kanpo jarraitzen dute
Juanma Moreno Andaluziako presidenteak ohartarazi du Ubriqueko (Cadiz) beste ehun bat bizilagun ere etxetik atera ditzaketela ondorengo orduetan lur mugimenduengatik.
Guggenheim Urdaibai proiektua "herri mugimenduak geldiarazi" duela ospatu dute Gernikan
Gernikan gaur ospatu dute Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko abenduan hartu zen erabakia. "Herri mugimenduaren garaipena" izan dela proiektu hori geldiaraztea, eta "herritarren borrokari esker gelditu" dela ospatu dute mosaiko erraldoi bat osatuz. Argi eta ozen aldarrikatu dute "gizarte antolatua gai dela erakunde eta agintarien burugabekeriei aurre egiteko".
Milaka lagunek Rodaliesen zerbitzu duin bat eskatu dute Bartzelonan egin dituzten bi manifestazioetan
Junts, ERC eta CUP alderdiek Paneque kontseilariaren eta Puente ministroaren dimisioa eskatu dute eguerdian. 8.000 manifestari bildu ditu protesta horrek, Udalaren arabera, eta 30.000 antolatzaileen esanetan. Arratsaldeko manifestazioan, berriz, Rodalies zerbitzuaren gainbehera salatu dute.
Muskilen festa egin dute lehen aldiz Iruñean inauteriak iragartzeko, Kaldereroen ordez
Duela sei urte hasi zuten Iruña Taldeko kideek festa aldatzearen beharraren inguruko hausnarketa, ijito komunitatearen ezerosotasunetik abiatuta. Muskilak sortu dute, izena eta janzkera aldatuz, baina festaren egitarauari eutsiz.