Txerri baten giltzurruna arrakastaz transplantatu diote garun-heriotza egoeran dagoen emakume bati
New Yorkeko Unibertsitateko mediku talde batek txerri baten giltzurruna arrakastaz transplantatu diote garun-heriotza egoeran dagoen emakume bati, USA Today egunkariak argitaratu duenez. Irailaren 25ean egin zioten ebakuntza, NYU Langone Transplant Institute zentroan, eta lehen aldiz egin dute halako ebakuntza bat.
Transplantatutako giltzurruna genetikoki aldatutako txerri batetik lortu dute medikuek, horren enbrioiari gene bat aldatu ostean pertsonen erantzun immunologikoa ahalik eta ahulena izateko. Guztira, hiru urtez hazi zuen txerria Revivicor medikuntza konpainia estatubatuarrak, mediku taldearekin lankidetzan.
NYU Langone Transplant Institute zentroko zuzendariak, Robert Montgomeryk, zuzendu zuen ebakuntza, pazientearen familiak hura onetsi ostean.
Irailaren 25eko ordu txikietan egin zuten, 01:00ean hasi eta ia 08:00ak arte. Montgomeryk pazientearen epe motzeko erantzuna aztertu nahi zuen: "Ez zuen organoa zuzenean errefusatu. Hildako askoren giltzurrunak ez dira segituan lanean hasten, eta egunak edo asteak behar dituzte lanean hasteko. Hau berehala hasi zen lanean". Ebakuntzaren lehenengo emaitzen arabera, "uste baino hobeto" joan da transplantea.
Txerriaren giltzurruna ez ezik, timoa ere transplantatu zioten pazienteari; bularraren goiko aldean dagoen organo bat da, globulu zuriak ekoizten dituena. Txerriari egin zioten ebakuntza batean, bi organoak batu zituzten, erantzun immunologikoa epe luzean ahalik eta arinena izan dadin.
Lortutako emaitzak aztertu ondoren, baina, hurrengo pausoa izango litzateke transplantea bizirik dagoen pertsona bati egitea, bizi itxaropen txikia edo bizitza arriskuan duen bati.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda