Gabonetako loteriaren zozketa zuzenean eitb.eus-en
Abenduaren 22a Gabonetako loteriaren zozketarekin lotutako eguna izan ohi da. Urtero bezala, 09:00etan hasiko da, eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da. Zenbaki irabazlerik suertatu zaizun konprobatzeko aukera ere izango da horretarako prestatutako bilatzailearekin.
Aurten, EAEko biztanle bakoitzak 77,93 euro gastatu ditu batez beste loteriako dezimoak erosten, iaz baino euro bat gehiago. Zozektaren atarian, loteria-administrazioek greba deitu dute biharko, eta ez dituzte saltokiak irekiko. Salmenten komisioa azken 17 urteetan izoztuta dagoela salatu dute; loteria saltzaileek % 4 (80 zentimo) bakarrik eskuratzen dute dezimo bakoitzeko.
Astelehena azken eguna izan da loteria erosi ahal izateko. Dezimoen salmenta masiboaren aurrean, iruzurren arriskuaz ohartarazi behar da. Loteria baimendutako saltokietan soilik erostea gomendatzen dute segurtasun arduradunek, mezu eta dei susmagarriez fio ez izatea eta dezimoak benetakoak direla egiaztatzea.
2020ko salmenta "etsigarrien" ostean, loteria saltzaileen elkarteak (ANAPAL) aurten 3.100 milioi euro salduko dituztela aurreikusi du. Iaz baino % 15 gehiago.
Gabonetako loteriako loteria-ontziek aste bat daramate jada Errege Antzokian. Aurten ere, San Ildefonsoko umeek banaka-banaka aterako dituzte zenbakien eta sarien bolatxoak. Joan den urtean pandemiagatik hartu ziren osasun-neurrien artean, aurten publikoa itzuliko da antzokiko eserlekuetara, murriztuta bada ere.
Zozketarako diseinatu dute zehazki osasun protokoloa. Bertaratu nahi duen publikoak zerrenda batean itxaron beharko du, eta zenbatutako sarrera bat emango zaio leihatilan. Ezin izango dute eserlekutik mugitu. Iaz bezala, loteria-ontzien arteko tartea handitu egin dute, segurtasun-distantziak bermatzeko.
Sarien artean, lehenengo hirurak nabarmentzen dira. Lehenengoa, sari potoloa, dezimoko 400.000 eurorekin; bigarrena, dezimoko 125.000 eurorekin; eta hirugarrena, 50.000rekin.
Loteriaren iragarkia
Azaroaren 11n, Gabonetako loteriaren iragarkia estreinatu zuten, Jon Garañok, Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendua. Elizondon grabatu zuten.
2021eko Gabonetako Loteriaren iragarkia herri batean girotu dute. Bertan, familia batek Gabonetako zozketarako dezimo bat jasoko du, nork bidali dien jakin gabe; mezuan zehaztuta dagoenez, igorlearen helburua da saria eta zori ona, egokituz gero, partekatua izatea. Horixe da aurtengo leloa: "Zortea partekatzen dugu, bizitza partekatzen dugu".
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak