Olatz Peon: "Herriak behar zuelako egin dugu inauteriak ospatzeko apustua"
Bigarren urtez inauteriak bertan behera geldituko zirela zirudien arren, pandemiaren bilakaerak hartutako joera positiboa lagun, Tolosak jaiak ospatuko zituela iragarri zuen Udalak duela hamar bat egun. Poza eta algara eragin zituen albisteak tolosarren artean, baina kezka eta presa ere zabaldu zen herrian, sinesgaitza zirudielako hain denbora gutxian inauteriak antola zitezkeenik.
Olatz Peon alkatea bera ere aho bete hortz geratu da herritarrek eta Udaleko langileek emandako erantzunarekin, haien lanari eta konpromisoari esker, egia bihurtu delako "ohiko" ospakizunetara itzultzeko ametsa.
Zaila izan al da pandemiari egokitutako jaiak antolatzea?
Zailtasun handiena denbora falta izan da. Normalean Gabon festen ostean hasten gara antolaketa lanekin, baina oraingo honetan hamar egunetan egin dugu beste urte batzuetan hilabeteetan egiten dugun lan berbera. Horri gehitu behar zaio oraindik ere ez gaudela erabateko normaltasunean, eta, horrenbestez, neurri berezi batzuetara egokitu behar izan garela. Egia da, Eusko Jaurlaritza dela neurri horiek ezartzen dituena, eta, azken finean, gure lana aholku edo murrizketa horiek ahalik eta zorrotzen betetzea dela.
Zein neurri berezi izango dituzte, bada, aurtengo inauteriek?
Jaurlaritzaren neurriak uneoro ditugu mahai gainean. Zenbakien agonian murgilduta gabiltza, 100.000 biztanleko 400 kasutik beherako intzidentzia duten udalerrietan ez baitago neurririk, eta gu gaur-gaurkoz 650 kasu inguruan baikaude. Jende pilaketak saihesteko neurriak dira gehienak. Jakina denez, jendetza dagoen tokietan musukoa erabili beharko dugu, korridoreak ez hartzen saiatu behar gara, kontsumitzeko espazioak mugatuko ditugu (ez da kaleko salmentarik egongo), jarduera gehienak kalean izango dira... Txupinazoa, adibidez, une puntual bat da. Ez dira, inolaz ere, egoera berriak.
Horrez gain, aurten karroza gutxiago aterako dira, eta kale bakarrean (San Frantziskon) bilduko dira. Bestalde, segurtasun kontuengatik, bestelako kanpainak edo neurriak ere baditu martxan Udalak: alkoholaren kontsumoa neurtzeko, indarkeria sexistari aurre egiteko... Kasu horietan ere, lan handia egin dugu oso denbora motzean.
Neurri horien aurrean jendeak ondo erantzungo duela uste duzu?
Hasiera batetik txalotzeko modukoa izan da jendearen erantzuna. Eragileekin elkarlanean erabaki dugu egitarautik zeri eutsi eta zer utzi alde batera. Herriak gauzak ondo egin nahi ditu, hortaz, nork bere bakarrean ere ahalegina egingo du gauzak ondo egiteko.
Zaila da dena aurreikustea. Horregatik, enpatia eskatu nahi diogu jendeari, eta espero dugu erantzun egokia jasotzea. Birusa oraindik kalean dago, ezin dugu ahaztu. Bada egoera beldur pixka batekin ikusten duenik ere. Oreka bilatu beharra dago.
Ostalaritzan kontrol bereziren bat aurreikusi duzue?
Ordutegiak malgutu dira, hau da, jada ez daude mugatuta. Lagungarria izan da murrizketa hori indargabetzea, bestela gazteak plazetan elkartuko liratekeelako. Ostalariekin elkarlanean, talde bat aurreikusi dugu jende pilaketen berri izateko, eta, behar den neurrian, esku hartzeko.
Zuk, pertsonalki, zeren falta izango duzu?
Ez dut ezeren mira izango, alderantziz. Inauteriak bertan behera uztea tokatu zitzaion alkatea naiz, baita festak hamar egunetan antolatzeko gaitasuna izan duen alkatea ere. Ardura ematen dit horrek. Erantzukizun politikoa dugunok ahalik eta erabaki onenak hartzen saiatu behar gara. Inauteriak ospatzeko apustua egin dugu, herriak behar zuelako.
Zergatik geratu dira bertan behera karrozen eta konpartsen lehiaketak?
Prozedura administratibo handia dute atzean, kalean askok ulertzen ez badute ere. Besteak beste, diru publikoaren kudeaketak eta, oro har, prozedura luze horrek denbora behar du, guk ez geneukan zerbait. Hori izan da arrazoi nagusia.
Jendeak nola lortu du hamar egunetan karrozak prestatzea?
"Topera" lan eginda. Ez dakit aurtengo honek zein punturainoko ikusgarritasuna izango duen, nahiz eta argi dudan irudimen handiko karrozak irtengo direla. Guztiok gaude lanean buru-belarri, "zerbait ederra" ateratzeko.
Alkatea zaren heinean, beldurra sentitzen duzu?
Festa handietan beti dugu kezka, ez dugulako ezer txarrik gertatzea nahi. Dena den, beldurra ez da lagunik onena; bai, ordea, errespetua eta zuhurtzia. Ikarak oztopatu egiten digu gauzak diren bezala ikustea, beraz, ez nioke "beldurra" deituko.
Zein da herritarren eta bisitarien artean zabaldu nahi duzun mezua? (Kontuan izanda bisitariei eskatutakoa, alegia, inauterietan Tolosara ez gerturatzea)
Gehiegizko jende pilaketak ekiditeko, etxean geratzeko esfortzua egin zezatela eskatu genien kanpotik etorri ohi direnei. Aurten bakoitzak bere jaiak ospatu behar ditu, aurrerantzean izango dugu elkartzeko beta. Mezu horiek beti dira gogorrak alkatearentzat. Erakunde guztiek egiten dugu esfortzua jaiak aurrera atera daitezen, eta diru publiko asko gastatzen dugu bisitariak erakartzeko. Aldiz, kontrako mezua zabaltzen gabiltza aurten. Bereziki, errespetua jaso nahi dugu haiengandik, elkar zaintzea, elkarbizitza bermatzea.
Halaber, herritarrei eta Udaleko langileei eskerrak eman nahi dizkiet emandako erantzunagatik eta egindako beharragatik. Guztiona den jai bat da, eta guztiontzat prestatutakoa izan behar da.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat atxilotu dute Sarrigurenen, emaztea hiltzea eta ama larri zauritzea egotzita
Gertakariak Eguesibarrean (Nafarroa) jazo dira, arratsaldeko 19:30ak aldera.
Gaizki aparkatzeagatik jarritako isunak egiazkoak direla ziurtatu du Hendaiako Herriko Etxeak
Bidasoa eskualdeko hainbat bizilaguni isunak kobratzeko posta bidez bidalitako gutunak iruzurra zirela zabaldu zuen ostegunean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
11 urteko zigorra ezarri diote gizon bati Bizkaian, bikotekide ohiaren etxera baimen gabe sartu eta hura bortxatzeagatik
Bikotekideak izan ziren sei urtez, nahiz eta ez ziren elkarrekin bizi. 2021eko azaroan neskak amaitutzat eman zuen harremana. Gizonak, ordea, kontaktuan jarraitzeko eskatu zion, eta 2021eko azaroaren 22ko goizean emakumearen etxera sartu zen, haren baimenik gabe, eta bortxatu egin zuen.
Baskoniak ehunka zaleren babesa jasoko du Valentzian
Baskoniaren mila jarraitzaile inguru joan dira Valentziara 2026ko Errege Kopa dela eta. Eguraldia lagun, giroa ezin hobea da Baskoniako zaleen bilgunea den "Araba Etxean".
65 urtetik gorako pertsonen artean alkohol eta psikofarmakoen kontsumo handiaz ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak egindako txosten batek agerian jarri duenez, EAEko gizonen ia % 40k egunero kontsumitzen dute alkohola, eta emakumeen artean gora egin du lo-eragileen eta lasaigarrien erabilerak.
8 urteko kartzela-zigorra Legorretan kontrako norabidean zihoala hiru pertsonaren heriotza eragin zuen gidariarentzat
Akusazioek eta defentsak akordioa adostu dute, eta akusatuak erruduna dela onartu du. Hori dela eta, ez da beharrezkoa epaiketarekin jarraitzea. Ostiral honetan Gipuzkoako Auzitegian egindako saioan, auzipetuak barkamena eskatu die biktimen sendiei, malko artean.
Bost pertsona atxilotu dituzte Iruñean, emakume etorkinak prostituitzera behartzeagatik
Emakumeak haien jatorrizko herrialdeetan erakartzen zituzten, “lan-kontratu erakargarriak” eskainiz; Nafarroara iritsitakoan, baina, mehatxatu egiten zieten eta prostituitzera behartzen zituzten.
Gizon batek 10 urteko semea hil du eta emaztea larri zauritu du bart Tenerifen
Guardia Zibilak tiroz hil du ustezko hiltzailea, agenteei matxete batekin mehatxatu ostean.
Aturri ibaiak gainezka egin du Baionan
Aturri ibaiak gainezka egin du ostegun honetan Baionan. Azken egunetan pilatu den euriak eta itsasgorak bat egin dutenean, goizeko zein arratsaldeko seiak bueltan, ibaia bere bidetik irten da. Goizean urak eragin dituen eragozpenak ikusita, arratsalderako Baionako Herriko Etxeak zentzuz jokatzeko eta ibai ingurura ez hurbiltzeko deia egin badu ere, azkenean ez da eragozpen nabarmenik egon.
Zabaldu dute Zumaia eta Getaria arteko errepidea, olatu handiengatik itxita egon ostean
Itsasgora izan den unean egon da itxita, Pedro denboraleak eragin dituen olatu handiengatik. Ostiral goizeko itsasgoraren garaian ere, 05:00etatik 07:00etara, 4 metro inguruko olatuek joko dutela itsas-bazterra espero da.