21 urteko mutil bat hil da Nafarroan, nitazenoa kontsumitu ondoren
2024ko abuztuan hil zen, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak orain egiaztatu du nitazenoek eragin zutela heriotza. Opioide sintetiko horri lotutako lehen heriotza da Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan.
Nafarroako Unibertsitate Ospitalea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Europa Press
Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko (HUN) Toxikologiako lantaldeak egindako ikerketak ondorioztatu du 2024an Nafarroan hil zen 21 urteko gazte baten heriotzaren atzean nitazenoen kontsumoa egon zela. Opioide sintetiko hori fentaniloa eta heroina baino 40 aldiz gogorragoa da, adituen arabera.
Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan nitazenoak eragindako lehen heriotza litzateke. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ez du kasua baieztatu oraindik, gazteari egindako lehen analisiek negatibo eman baitzuten nitazenoaren kontsumoan.
Kasua aztertu duen lantaldeak ospitaleko barne argitalpen batean eman du kasuaren berri, 'Nitazenoak: gero eta hurbilago dagoen mehatxua' goiburupean. Bertan azaltzen denez, 2024ko uztailaren 28an 21 urteko gazte bat artatu zuten Larrialdietarako Zerbitzuan, konorterik gabe eta arnasteko arazo larriekin. Aurrekariak zituen, era askotako drogak kontsumitzeagatik.
Hiru dosi naloxona —opioideen efektuei aurre egiteko botika bat da— emanda lortu zuten osasun langileek gaztearen arnasketa bere onera ekartzea eta egonkortzea. Egindako aurreneko analisiek, opioideetan negatibo eman zuten, eta anfetaminan, metanfetaminan, cannabisean eta kokainan, positibo.
Egun horretan bertan, ospitaleratu eta lau ordu geroago, gazteak sendagiria eskatu zuen, eta handik bost egunera, hilda aurkitu zuten, etxean. Analisiek baieztatu zuten drogak kontsumitu zituela.
Azterlanean, adituek nitazenoen kontsumoaren ondorioetan jarri dute azpimarra. Arnasbideetako depresio akutua eta iraunkorra eragiten dute, fentaniloak baino akutuagoa, eta heriotza-tasa oso altua da.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera