Martinezek esan du garrantzi handikoa dela ohitura osasungarriak izatea, osasunari eragiten dioten faktoreen % 50 baitira
Osasun sailburuak ariketa fisikoa egitera, elikadura zaintzera eta alkohol eta kalamu kontsumoa murriztera animatu ditu herritarrak, Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta.
Alberto Martinez Osasun sailburua, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martínezek nabarmendu du osasunean eragiten duten faktoreen % 50 bizi-ohituren mende daudela, eta, beraz, nork bere burua zaintzeko eta prebentzioaren alde egiteko eskatu die herritarrei.
Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Martinezek Miren Bilbao Arabako Minbiziaren Aurkako Elkartearen presidentearekin hitz egin du, eta biek adierazi dute bizi-kalitatea eta osasuna hobetzeko bizimodu osasungarriak sustatzea funtsezkoa dela.
Sailburuak gogorarazi du osasungintza-sistemak % 10 inguruko eragina duela osasunean, eta genetikak eta ingurune sozioekonomikoak, berriz, % 20koa. Gainontzekoa, elikadura, jarduera fisikoa, harreman sozialak eta substantzien kontsumoaren menpe dago, besteak beste.
Ildo horretan, herritarrak animatu ditu aktibo egotera, dieta orekatua egitera, tabakoa saihestera eta alkohola neurriz kontsumitzera, kalamuaren kontsumoaren igoeraz ohartarazteaz gain. “Gaur egun, geure burua zaintzea erantzukizun ariketa da, gehiago eta bizi kalitate hobearekin bizitzeko”, azpimarratu du.