Dozenaka errefuxiatu ukrainar heldu dira jada Hego Euskal Herrira, tantaka eta euren kabuz
"Tantaka" bada ere, hasi dira iristen Hego Euskal Herrira Ukrainako gerratik ihesi datozen errefuxiatuak, euren kasa. Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak argitu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) dituen baliabideetan, Tolosako eta Oñatiko aterpetxeetan, 12 bat lagun artatu dituzte, Euskadin bizi diren 3.000-3.500 ukrainar senitartekoen etxeetara heldu direnez gain. Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilariak ere antzeko datua eman du: "12 bat izango dira, tantaka heltzen ari dira, asko eta asko bidean daudelako oraindik eta batzuk mugan geratu dira, gerraren bilakaerari itxaroten, etxera heltzeko aukera noiz izango zain".
Bi gobernuetako migrazio arduradunak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan izan dira errefuxiatuei harrera egiteko antolaketa eta kudeaketa lanak zertan diren azaltzeko. Bai Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua eskura dituzten azpiegiturak eta baliabide pertsonalak prestatzen eta koordinatzen hasiak dira. Legarretak eta Santosek nabarmendu dutenez, oraindik ez dakite zenbat pertsona helduko diren, baina horientzat baliabide erresidentzialak beharko direla erantsi dute.
EAEko eta Nafarroako herritar "asko eta asko" ari dira euren bigarren etxeak-eta opatzen, errefuxiatuek ostatu har dezaten. Tankera horretako eskaintzak egiteko helbide elektronikoa jarri du Eusko Jaurlaritzak (errefuxiatuak@euskadi.eus), gerora hori ordenatu eta kudeatu ahal izateko. Eduardo Santos kontseilariaren ahotan, "elkartasuna itzela izaten ari da, eskaintza asko jaso ditugu, baina antolatu behar da dena (...) elkartasun horrek iraunkorra behar du izan, ez hilabete bakarrerako, epe luzeagorako, pertsona horien hezkuntza eta eskubide sozialak bermatu behar ditugu".
Argitu duenez, Justizia eta Migrazio Politiketako Kontseilaritzak bilera egingo du astelehenean informazioa partekatzeko eta azpiegiturak martxan jartzeko, eta Larrialdietako Bulego bat sortuko du dena antolatzeko.
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Asilo eta Migrazio zuzendariaren hitzetan, bestalde, Euskadin bizi diren ukrainarrek "paper garrantzitsua" izango dute, eurek badakitelako "zein behar" dituzten herrikideek.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda