Pablo Gonzalezek 40 urte bete ditu gaur, Polonian bi hilabete inkomunikatuta daramatzan egunean
Pablo Gonzalezek, duela bi hilabete Polonian atxilotu zuten euskal kazetariak, 40 urte bete ditu gaur, eta efemeridea aprobetxatu dute bere lankideek, lagunek eta senideek kazetariaren egoera salatzeko beste bideo bat argitaratzeko.
Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten, espioitza egotzita, Polonian, Ukrainako mugan, Ukrainako egoerari buruz informatzeko lanean ari zenean, besteak beste, La Sexta, Público edo Gara hedabideentzat. Bi hilabete daramatza atxilotuta, inkomunikatuta, eta bere abokatuak eta familia ezin izan dira berarekin harremanetan jarri.
Azken astean jakin da Pablo Varsoviatik hurbilago dagoen kartzela batera eraman dutela, bere defentsarako behar duen laguntza kontsularra errazteko. Era berean, berak aukeratutako abokatu poloniar bat dauka, jada; aurrez Poloniako Fiskaltzak ezarritako ofiziozko bi abokatu zituen. Hala ere, Free Pablo Gonzalez plataformak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, "Gonzalo Boye Pabloren abokatua ezin izan da oraindik berarekin harremanetan jarri".
Plataformatik salatu dutenez, "Europako Batasunean aurrekaririk ez duen kasua da, baina komunikabide handietan ia ez du eraginik izan". Horien arabera, Poloniak Pabloren aurka dituen frogak "zirkunstantzialak dira gaur egun, eta errusiar jatorriarekin lotuta daude".
Era berean, salatu dute Espainiako Gobernuak Pabloren egoerari buruzko jarrera "epela" erakutsi duela bi hilabete hauetan. Horrek, diotenez, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunari "jaramonik ez egiteko aukera" ematen dio Poloniari. "EBko kide guztientzako dokumentu loteslea izan arren, gutun horretako 18 artikulu urratzen dira", azaldu dute.
Plataformak gogorarazi du kasuari buruzko informazio guztia eta bi hilabete hauetan prentsan argitaratu diren argitalpenak biltzen dituen web orri bat sortu dutela, eta Change.org plataformaren bidez egindako sinadura-bilketak 6.000 babes baino gehiago jaso dituela jakinarazi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda