Daniel Innerarity: "Misil bat erabiltzen duenak desinformazioaren armak erabiliko ditu, guk nahi ala ez"
Daniel Innerarity (Bilbo, 1959) filosofoak berriki argitaratutako La sociedad del desconocimiento (Galaxia Gutenberg, Bartzelona, 2022) liburuan, ezagutzak gizarte digital eta globalizatuan duen zeregina ulertzeko gakoak azaltzen ditu, baita ezagutza horren bueltan dabiltzan hainbat elementurenak ere, sare sozialak eta Internet, zientzia, informazioaren eta desinformazioaren erabilera, kultura eta hezkuntza; hori guztia, ezagutza orori lotua doan ezezagutza edo ezjakintasuna bistatik galdu gabe. Sokratesek esan zuen: 'Bakarrik dakit ez dakidala ezer'.
eitb.eus-ek gaur egungo gizarteak pairatzen duen informazio-saturazioaz eta horren kudeaketaz galdetu dio filosofoari, baita hedabideen funtzioaz eta gerraren testuinguruan informazioaren erabileraz ere. Edalontzia beti erdi beteta ikusteko borondatea eta gaitasuna igartzen da bere hitzetan, edozein erronka edo zailtasun aukeratzat hartzekoa.
Sare sozialek, esaterako, komunikazioa demokratizatzen dutela dio, edozeinek edozeri buruz iritzia eman edo informatu baitezake edozein unetan eta edozein lekutatik, baina demokratizatzen duten neurri berean nahasi egiten dute. "Informazioa iragazi gabe eta egituratu gabe datorrenean, askatasunean eta emantzipazio indibidualean irabazten da, baina nahasmena ere eragiten du. Etengabeko zarata bat dago, eta oso zaila egiten zaigu informazio garrantzitsua eta hutsala bereiztea, baita erabat faltsua den hori ere".
Hala, bere ustez, "gure aitona-amonen belaunaldiak informazio eskasiaren arazoa bazuen, guk beste arazo bat dugu, nahastearena".
Sare sozialak herritarren informazio-iturri nagusi gisa hedatu diren heinean, garrantziaren nolabaiteko irizpideak ezarri eta gertaeren konplexutasuna murrizteko balio zuen iragazki-funtzioa galdu dute hedabideek.
Orain, "komunikabideak krisian daude eta zailtasunak dituzte 'zarata' hori ordenatzeko, eta, horren ondorioz, gizarteak zailtasunak ditu informazioa barneratzeko eta ulertzeko". Azaldu duenez, "informazio ofizialaren eta elkarrizketa pribatuaren artean zegoen bereizketa zorrotza hautsi dute sare sozialek", eta hori "askatasunaren ikuspegitik irabazi izugarria da, komunikazioa horizontal bihurtzen duelako eta hura kontrolatzen zutenen boterea saihesten duelako". Baina ohartarazi du espazio horretan norberak eraiki behar duela orain bere behatokia eta "nork bere irizpideak ezarri, hori jada ez baitzaio emana etorriko informazioa egituratzen duen egunkari klasiko baten partetik".
Ez du uste, haatik, Interneteko eta sare sozialetako espazioak beste informazio-ingurune batzuk desegin dituenik, komunikabide klasikoak kasu, eta etorkizunerako informazio-sistema hibridoa aurreikusten du, "zeinetan norbanakoek informazioa jaso eta iritzia emango duten sare sozialen bidez, baina baita bestelako komunikabide batzuetan ere".
Horren ustez, komunikabideek errealitate berrira egokitu beharra daukate. "Irakasleok Googlerekin lehiatzeari utzi genion, Googlek guk baino askoz gehiago dakielako informazio mota jakin bati dagokionez; horregatik, ikasleek Interneten topatu dezaketenaz bestelako eduki eta balioak ematen saiatzen gara. Era berean, hedabideek sare sozialek eskaintzen ez duten zerbait eman behar dute: irizpidea, balorazioa eta analisia".
Gaineratu duenez, "sare sozialez betetako inguru batean, adituen irizpidea, azalekoa ez izateaz gain, beste paisaia informatibo batzuetan baino beharrezkoagoa da. Ospea aitortuta duen jendea behar dugu kaos hori guztia ordena dezan, informazio garrantzitsua eta osagarria bereiziko dituena eta iritzia hobeto osatzen lagunduko diguna".
Desinformazioari eta fake news-ei aurre egin
Innerarityk bereizi egiten ditu albiste faltsuak eta albiste faltsutuak edo fake news deiturikoak. Lehenengoak oker egotearen ondorio dira, baina, bere ustez, ez dira arazo larria demokraziarentzat. Errealitatea nahita faltsutzen dutenen kontra, aldiz, borrokatu egin beharko litzateke.
Aitortzen du ez dela gai erraza. Alde batetik, ontzat jotzen du fact-checking edo gertakariak baieztatzeko lanean albiste faltsuak edo benetako oinarririk ez duten iritziak desmuntatzen dituzten hedabide eta kazetariak egiten ari diren "kazetaritza ona". Adibide gisa jarri du The Washington Post hedabideak Donald Trumpek bere agintaldian igorritako fake news guztiak desmuntatzeko kontagailu eta guzti egindako lana
Hala ere, fact-checkingaren eraginkortasuna mugatua dela dio "eztabaida politikoaren zati txiki bat baino ez baita aritzen gertaera objektiboen inguruan". Azaldu duenez, "BPGari, langabe kopuruari edo pandemian izandako kutsatze kopurari buruz eztabaidatu egin daiteke. Baina politikariek egiten dutena, komunikabideek egiten dutena eta sareetan egiten dena, neurri oso handi batean, iritziak ematea da; eta iritzi hori izan daiteke xelebrea, izan daiteke gurearen kontrakoa edo izan daiteke esajeratua, baina iritzi bat da, iritzi askea".
Beraz, horren hitzetan, "fake news bat zentsuratu edo salatzerakoan agintari batek egin dezakeen gauza bakarra ez da hainbeste esaten dena faltsua dela dekretatzea, baizik eta igorlearen eztabaida publikoa faltsutzeko asmoa dekretatzea". Innerarityren aburuz, "denok esaten ditugu gauza faltsuak gure eguneroko bizitzan, gauza okerrak, baita politikariek ere, gizakiak diren heinean, eta horrek eztabaida demokratikoa aberastu ere egin dezake zenbaitetan", baina "nahita sortutako faltsutasunak ez du inolaz ere eztabaida hori aberasten". "Iruditzen zait oso garrantzitsua dela agintariek horien artean bereiztea, Twitterreko kontu bat ixtea edo iritzi jakin bat zentsuratzea justifikatzeko; oso zuhurrak izan behar dugu honekin, adierazpen askatasuna funtsezkoa baita demokrazian", erantsi du.
Honakoa gaineratu du: "Uste dut demokrazia batek kontu handia izan behar duela albiste faltsuak zabaltzen dituztenekin, baina are zuhurragoa izan behar du iritzi zuzena edo okerra zer den bereizteko eskumena bere gain hartzen duenarekin".
Informazioa gerraren testuinguruan
Gerra propaganda eta informazioaren erabilera interesatua agerian geratu dira azken hilabeteetan, Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren ondorioz; bitan banatu da mundua, bakoitza bere egiaren bueltan. "Ez da berria esatea gerretan egia dela lehen kaltetua, eta zentzugabea litzateke pentsatzea egia onik aterako dela, nondik eta jendea hiltzen ari den gerra batetik. Misil bat erabiltzen duenak desinformazioaren armak erabiliko ditu, guri gustatu ala ez, are gehiago iritzi publikoa hain garrantzitsua den une batean".
Gauza guztietatik irakaspen bat ateratzen duen gizona izaki, Daniel Innerarityri gerra honetatik deigarria egiten zaiona da berez inbasio-gerra klasiko eta izaera kolonialekoa denak dimentsio berri bat hartu duen alderdi bat duela, "estatuen arteko interdependentzia handiko testuinguru batean" ari baita gertatzen. "Horrek egiten du berezi gerra hau, eta arreta berezia mereziko du, nazioarteko harremanak eta mundu globala ulertzeko modua alda baitezake", gaineratu du.
Interdependentzia eta globalizazio horretan, gatazkarekin zerikusia duten komunikabideen eta mezuen zentsurari buruz galdetu dio, hala nola Europan Errusiako hedabideak blokeatzeari buruz: "Printzipioz, teorian, informaziorako eskubidea urratzen ariko litzateke. Gertatzen da, ordea, informazio hori oso fidagarria ere ez dela. Errusian baimendutako informazio ofiziala alde batera uztea ez da informazio-iturri bereziki baliotsu bat alde batera uztea. Eta armak erabiltzen ari diren eta herriei izugarrizko kaltea eragiten ari diren gerra-testuinguru honetan, hori lehiakideetako baten alde erabiltzea, ez zait iruditzen, inondik ere, gatazka horretako gauzarik garrantzitsuenetako bat".
Kazetarien aurkako erasoei eta Pablo Gonzalez kazetariaren egoerari buruz galdetuta, "testuinguru izugarri batean gertatzen diren gertaera onartezinak dira", esan du. Hala ere, "gertakari horiei garrantzirik kendu gabe, giza bizitzen suntsiketaren, nesken eta emakumeen bortxaketen, gosearen eta hainbeste pertsonaren erbestealdiaren parean jarri beharko genituzke, gerraren normaltasun beldurgarri horren parte baitira denak".
Zure interesekoa izan daiteke
Gipuzkoako hainbat garajetan eta trastelekutan ustez lapurretak egin dituen gaizkile talde bat desegin dute
Batez ere, Goierri inguruan egin dituzte lapurretak. Ertzaintzak dei egin die lapurreta horien biktima izan diren herritarrei, Beasaingo komisariara joan daitezen, euren objektuak han dauden egiaztatzera.
Ia 30 graduko tenperaturarekin, uda itxura hartu du Pazko Astelehenak
Ezohiko itxura hartu du Pazko Astelehenak. Eguraldi beroak, hondartzak eta kaleak jendez gainezka utzi ditu. Hotelen betetze-maila % 80-90 ingurukoa izan da Aste Santuan.
Gasteizek lotura zuzena izango du Kanaria Handiarekin ekainaren 15etik irailaren amaiera arte
VIA sozietatearen esleipena lortu ondoren, Binter airelineak astelehen eta ostegunetan jardungo du Forondan. Ibilbide horri esker, Kanarietako artxipelagoko beste aireportuekin lotura egin ahal izango da, bai eta Portugalgo eta Afrika mendebaldeko beste aireportu batzuekin ere.
Hiru pertsona zauritu dira Berangon, lau autok elkar jo ostean
Zauritutako lagunak Gurutzetako ospitalera eraman dituzte, eta auto-ilarak sortu dira istripua gertatu den lekuan. 14:00etarako, baina, bere onera itzuli da zirkulazioa.
Gizon bat atxilotu dute Berrizen emaztea labankadaz larri zauritzeagatik
Gertatutakoa salatzeko, Berrizko Mugimendu Feministak manifestazio zaratatsua deitu du biharko, arratsaldeko 18:30ean, Udaletxe paretik abiatuta.
Aske geratu dira Gasteizen adingabe bat sastatzea leporatuta atxilotutako zazpi gazteak
Asteburuan epailearen aurretik igaro ostean, guztiak utzi dituzte libre, azken biak igandean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Eusko Jaurlaritzak 'Ttipi Ttapa' gida aurkeztu du, oinez egitea osasun eta kohesio sozialerako tresna bihurtzeko
Osasun Sailak udalerrien eskura jarri du jarduera fisikoa eta harreman sozialak sustatzeko gida praktikoa. Ekimenak ongizate fisiko eta emozionala hobetzea eta komunitateak indartzea du helburu.
Trafiko gorabeherak gaur Bilbon, Itzulia Basque Country lasterketa dela eta
Lasterketaren lehen etapak, Bilbon hasi eta amaituko den 13,9 kilometroko erlojupekoak, trafiko etenak, aparkaleku murrizketak eta garraio publikoan aldaketak eragingo ditu.
Picassoren margolan bat, 100 euroren truke: Alzheimerraren ikerketa finantzatzeko ekimena
Tête de femme (1941) Pablo Picassoren lan original honen zozketa apirilaren 14an egingo da, Parisen, eta oraindik milaka partaidetza daude saltzeko. Ekimen solidario honek mundu osoko parte-hartzaileak erakarri ditu.
Epailearen esku utzi dituzte Gasteizen adingabe bat sastatzea leporatuta atxilotutako zazpi gazteak
Ostegunean jazo zen erasoa, 18:30 aldera, bost gizonek adin txikikoa sastatu eta ibilgailu batean ihes egin zutenean. Atxilotuek 19 eta 21 urte bitartean dituzte, baina ikerketak zabalik jarraitzen du.