Ekaitzak uholde txikiak eta ur-putzuak eragin ditu Gipuzkoan
Igande arratsalde honetarako galernagatik ezarritako abisu horiak iragarri bezala, ekaitza Gipuzkoako kostaldera iritsi da azkenean. 17:00ak aldera Donostialdean zaparrada trumoitsuak eta oso handiak izan dira, tarteka txingorrarekin. EITB mediak jakin ahal izan duenez, zaparradek uholde txikiak eta ur-putzuak eragin dituzte Gipuzkoako errepide sareko hainbat puntutan, tartean, Donostia, Lasarte, Pasaia eta Usurbil udalerrietan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ur-putzuak daude GI-20an, Aieteko tunelean eta GI-40, Industrialdea 27n (biak Donostian); AP-8an, Aritzeta tunelean, Usurbilen; N-1ean, Lasarten; eta Ulia Pasealekuan, Pasaian. Herri Lanetarako beharginak lanean dabiltza ura kentzeko.
Gainera, haize aldaketaren ondorioz, 50 km/h-ko haize-ufadak neurtu dira Santa Clara uhartean eta Matxitxakon, eta tenperatura 9º jaitsi da ordu erdian Mutrikun. Euskalmetek iragarri duenez, zaparradek bere horretan jarraituko dute Gipuzkoako ekialdean, besteak beste, Usurbilen.
Goizean 30 gradurainoko tenperaturak izan dira euskal hiriburuetan. Arratsaldean, berriz, aldaketa etorri da. Haizearen norabidea aldatu da, mendebalde/ipar-mendabaldera, tenperaturak nabarmen jaitsita. Galernagatik ezarritako abisua indarrean egon da 14:00etatik 18:00ak arte. Gainera, arratsalde-gau aldera zaparradaren bat bota dezake, han-hemenka.
Atzo zaparrengatik abisu horia egon zen indarrean EAEn. Euskalmetek neurtu zuenez, 20,2 litro metro karratuko pilatu ziren Muxikan ordu batean, eta 104 km/h-ko haize-boladak izan ziren Urruñan.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda