Dermatologoek argi dute: "Ez dago azala belzteko modu osasuntsurik"
Uda ate-joka dugula, hasi gara jada lehen eguzki izpien eragina nabaritzen. Sasoi honetan, kolorea hartzeko grina izaten dute askok, baina zenbateraino da ona edo txarra eguzkia hartzea? Dermatologoek argi dute: "Ez dago azala belzteko modu osasuntsurik. Izpi ultramoreek mutazioak eragiten dituzte gure azaleko zelulen DNAn, mutazio horiek epe luzera gehitzen joaten dira eta minbizia sor dezakete".
Hala azaldu dute Ane Jaka Bartzelonako Germans Trias i Pujol Unibertsitate Ospitaleko dermatologoak eta Miren Marquina Donostiako Unibertsitate Ospitaleko eta Consulta Tuneu kontsulta pribatuko dermatologoak. Larruazala zaintzeko garrantziaz geroz eta jabetuago dago gizartea, horretan bat datoz biak, baina aitortu dute azaleko minbiziak ugaritu egin direla azken boladan.
Larruazaleko tumore mota ezberdinak daude, eta bakoitzak oinarri genetiko propioak ditu, baina bai Marquinak bai Jakak uste dute denek ingurumen faktore komun bat dutela: eguzkia. "Eguzki izpiek onurak dituzte gizakiontzat, D bitamina eta aldarte emozional positiboa sortzen laguntzen baitute, hau da, alaiago egotea eragiten dute", Marquinaren arabera, baina minbizia sor dezakete. "Bizitzako beste arlo askotan bezala, honetan ere oreka bilatu beharko genuke hain kaltegarria ez izateko", erantsi du.
Arrisku faktoreen artean, genetikaz gain, kanpo eragile asko daudela esan digute bi adituek; bizi garen tokiaren latitudea eta altitudea, adibidez. "Ekuatoretik gertuko latitudeetan eta altuera handietan erradiazio ultramore handiagoa dagoenez, eguzkiaren ondoriozko minbiziak izateko arriskua areagotu egiten da", ohartarazi du Jakak.
Azalaren koloreak ere badu eragina horretan. Azal ilunagoa duten pertsonek azaleko minbizia pairatzeko arrisku txikiagoa dute. "Hitz tekniko bat erabiliz, fototipoa esaten diogu horri. Azal oso argiko pertsonek 1 fototipoa dute, eta azal beltzaranekoek, 6 fototipoa", Marquinaren hitzetan. Horren iritziz, 1, 2, eta 3 fototipodun pertsonak dira eguzkitik gehien babestu beharko liratekeenak.
Ingurumari horretan, eguzkitik babesteko lehen mailako prebentzioan, hau da, gaitza saihesteko egin beharrekoetan, jarri dute azpimarra bi adituek, eta hiru aholku eman dituzte: ohitura egokiak landu (eguneko ordu zentralak ekidin, eguzkitan ez lorik hartu edo itzala bilatu), babes fisikoak erabili (arropa, txapela edo betaurrekoak) eta eguzkitako krema eman.
Dena dela, bi dermatologoek adierazi dutenez, "krema emanda izateak segurtasun sentsazio faltsu bat sor dezake, eta eguzkipean arrisku handiko orduetan eta denbora luzez egotera eraman".
Halaber, dermatologoek gomendatzen dute gutxienez 30-50eko babes-faktorea duten eguzkitako kremak erabiltzea. Eguzki-iragazkiei dagokienez esan dutenez, haurdun dauden emakumeek eta umeek iragazki inorganikoak (mineralak) erabili behar dituzte, iragazki fisikoak (larruazala zuri uzten dutenak). Horien arabera, iragazki kimikoak atseginagoak dira, eta errazago zabaltzen dira, larruazalak xurgatu egiten dituelako.
Bi ohar garrantzitsu ere egin dituzte: batetik, krema potea irekita badago, ez erabili urte batetik bestera, "produktua oxidatuta egon daitekeelako eta eraginkortasuna galduta izan dezakeelako", eta, bestetik, udaberriko eta udako egun lainotsuetan ere eguzkitik babestu; izan ere, eguzki izpiek lainoak zeharkatzen dituzte.
Txikitatik azala babestea oso garrantzitsua dela esan dute Jakak eta Marquinak; izan ere, azalak oroimena du, eta DNA mutazioak pilatzen joaten dira. Gainera, eta askok kontrakoa uste badute ere, gorri jartzea erredura bat dela gogorarazi dute dermatologoek.
Azaleko minbizi gehienak azalean bertan sortzen dira (kirurgiarekin erabat sendatzen dira), baina azaletik kanpo zabaltzen direnak ere badaude. "Horiekin erradioterapia edo kimioterapia edo immunoterapia ere behar izaten dira maiz", azaldu du Marquinak.
Tumore ohikoena kartzinoma basozelularra da. Askotan ez da estatistiketan agertzen, kendutakoan ez baitu inolako arriskurik. Kartzinoma ezkatatsua pertsona helduek edo transplantatutakoek pairatzen dute gehien. Melanoma, berriz, ohikoena ez bada ere, hilkortasun handikoa da, eta pertsona gazteei diagnostikatzen diete.
Testuinguru horretan, Marquinak azaleko minbiziaren atzemate goiztiarraren garrantzia nabarmendu du, hori duen pertsonak pronostiko hobea izan dezan. Horretarako, urtero prebentzio kanpainak egiten direla nabarmendu du. "Adibidez, ekainean Euromelanoma kanpaina izango dugu, Europa guztian zehar egiten dena", erantsi du.
Amaitzeko, Jakak esan du koronabirusak ere eragina izan duela minbizi kasuen gorakadan; izan ere, konfinamendu ostean diagnostikatutako larruazaleko tumoreen kopurua proportzionalki hazi zen, beranduago detektatu eta diagnostikatu zirelako, Espainiako zenbait ospitaletan egindako "Skin-Cancer COVID-19" ikerketak frogatu duenez.
Zure interesekoa izan daiteke
Olatu zuri gorriak Iruñea hartu du
Txupinazoarekin, lehertu da festa Iruñean eta ez du atsedenik hartuko datorren uztailaren 14ra arte. Urteroko ohiturei, gaur beste protagonista bat batu zaie: beroa. Festazaleek 40 graduko tenperaturekin abiatu dituzte 2026ko sanferminak.
Antzuola eta Urretxu artean piztutako baso-sutea kontrolpean dago
Gipuzkoako hiru parketako suhiltzaileak aritu dira Antzuolan 13:45ak aldera deklaratutako sutea itzaltzen. Sugarrak ordu batzuk geroago kontrolatu dituzte.
Kontrolatu dute Imarkoainen piztutako sutea
Lizarra, Azkoien eta Tafallako suhiltzaile etxeetako brigadek 15:30ak aldera lortu dute sutea kontrolpeak hartzea. Guztira 80 hektarea baino gehiago erre dira baso eta, batez ere, laborantza artean.
ELAk arreta euskaraz bermatzeko eskatu dio Osakidetzari
Oraindik hizkuntza ez dakiten langileak euskalduntzeko plana aldarrikatu du sindikatuak Osakidetzaren Gasteizko egoitzan.
Lesakako sanferminak hasi dira
Txupinaren jaurtiketak eman die hasiera Lesakako San Fermin jaiei astelehen honetan, 12:00etan. Jai-egitarauak 50 kultura-, kirol- eta jolas-jarduera baino gehiago biltzen ditu, datozen 6 eguneton burutuko direnak. Gaita jotzaileen, musika-banden eta txarangen ohiko soinuek herriko kaleak alaituko dituzte uztailaren 11ra arte, larunbata.
Arrautza frijituak, txistorra eta zapi gorria: Hasi da festa Iruñean
Urtero bezala, ohiko hamaiketakoak izaten dira uztailaren 6ko goizean, festei hasiera emateko zain. Mokadu sendoak beti ere, hau izango baita seguraski, eguneko otordu bakarra.
40 ikasleri ez diete, kautelaz, USaPen Euskarako nota zenbatuko
Auzitegiek arrazoia ematen ez badiete kasuaren funtsari buruz, nota horiek kontuan hartuko dira azkenean.
Asiron eta Chivite: "Jendeak asko goza dezala, baina errespetuz"
Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Maria Chivite Nafarroako presidenteak 2026ko sanferminetara hurbiltzeko deia egin diete herritarrei, jaiez eta hiriaz gozatzeko, baina "beti errespetuz".
Txistulari eta Gaiteroen Bandak dantzan jarri du Iruñeko Udaletxe plaza
Gaur eguerdian Iruñeko Udaletxeko plaza bete duten milaka pertsonek Txistulari eta Gaitarien Bandaren doinuekin dantzan egin ahal izan dute.
3I/ATLAS izarrarteko kometa "Eguzkia baino askoz zaharragoa" dela ondorioztatu du astronomo talde batek
Aztarna kimiko espezifikoak neurtuz iritsi dira ondorio horretara, eta segur aski Eguzki sistematik kanpo sortu zela ere uste dute. Izarrarteko kometak eguzki sistemaren kanpoan sortu eta noizean behin eguzki sisteman sartzen diren izoztutako objektuak dira.