Nafarroa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Suhiltzaileek Leireko eta Tafallako suteak zaintzen jarraitzen dute

Teknikoki itzalita jotzen diren arren, tenperatura altuek berpizteko arriskua handitzen dute.
Leireko sutearen artxiboko irudia. Argazkia: Nafarroako Foruzaingoa.
Leireko sutearen artxiboko irudia. Argazkia: Nafarroako Foruzaingoa.

Nafarroako Suhiltzaileen taldeak adi daude larunbat honetan, Leireko eta Tafallako suteak berriro pizteko arriskua baitago. Teknikoki itzalitzat jotzen dira, baina Foru Erkidegoan orduotan dauden tenperatura altuek suteak berpizteko arriskua dakarte.

Gobernuko iturriek adierazi dutenez, aste honetan Nafarroan izandako hiru baso-suteetatik, Olletakoa itzalitzat jotzen da; Leire eta Tafallakoetan, berriz, 1. alerta-maila mantentzen da, eta horrek esan nahi du, sugarrak berpiztuz gero, printzipioz, Foru Erkidegoak ez lituzkeela bereak ez diren baliabideak behar izango.

Hori dela eta, suhiltzaileek bi inguru horietan jarraitzen dute freskatze lanak egiten eta perimetroak zaintzen; aipatutako iturrien arabera, dronak erabiltzen ari dira airetik Tafallako eta Leireko lurrak nola dauden ikusteko.

Joan den asteartean, 23:30ak aldera, SOS Nafarroak Leire mendilerroko sutearen berri jaso zuen. Antza denez, inguru horretan izandako ekaitz lehorrak sortutako tximista ugariekin lotuta dago sutea, eta azkar zabaldu zen. Hori dela eta, asteazkenean, Larrialdi Planaren 2. maila aktibatu behar izan zen, argi baitzegoen sua ezin zela itzali Foru Erkidegoko baliabideekin, eta herritarrentzat arriskua zegoela.

Izan ere, Leireko monasterioan zeuden 30 pertsona inguru atera behar izan zituzten, prebentiboki, 22 monje beneditar barne.

Egoerak Larrialdietako Unitate Militarreko (UME) kideen esku-hartzea eskatzera behartu zuen, eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministerioak eta Aragoiko Gobernuak pertsonak eta aireko baliabideak bidali zituzten Nafarroako suhiltzaileekin batera lan egiteko.

Ostegun arratsaldean, sua egonkortze-fasean sartu zen, eta, horri esker, monasteriotik ebakuatutakoak itzuli ziren eta UME kendu zuten, baita hegazkinak, helikopteroak eta Aragoiko Gobernuak ekarritako pertsonak baseetara itzuli ere.

Tafallako suteari dagokionez, asteartean hasi zen, 22:43an, NA-132 errepidearen 22. kilometroan (Lizarra-Tafalla-Zangoza); hori itxi egin behar izan zuten, eta sugarrek azkar egin baitzuten aurrera.

Kontrol-fasean sartu ondoren, berpizte handia izan zen asteazken goizean, eta Larraga udalerriko lurretara zabaldu zen. NA-6140 errepidea (Tafalla-Miranda Arga) gainditu zuen, suebaki gisa erabili nahi zuten arren.

Leire mendilerrokoa bezala, kontrolatutzat eman da, baita Olleta eta Leoz herrien artean dagoen parke eolikoaren sarrerako pistatik gertu piztutakoa ere; hori asteazkenean atzeman zuten, goizeko 06:00ak aldera.

Zure interesekoa izan daiteke

CEUTA, 20/08/2026.- Migrantes son desalojados de la playa del Trampolín en Ceuta tras habilitarse un espacio para su acogida este jueves. El Gobierno ha habilitado temporalmente varios espacios para la acogida de 1.800 personas migrantes que se encuentran en situación de calle en la playa del Trampolín y en la zona de Loma Colmenar, en Ceuta, que prevé ampliar progresivamente. EFE/Reduan
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

1.200 pertsona migrantetik gora lekualdatu dituzte Ceutako El Trampolin hondartzatik harrera-gune berrietara

Goizean ekin diote pertsona migratzaileak lekualdatzeko lehen faseari, uztail amaieran Ceutan izandako oldearen ondotik hondartza hustu asmoz. Lekualdatzea oinez eta taldeka egin da, inolako isitilurik gabe. Lekualdatutako ia erdiak hondartzara itzuli dira; gehienak, beren gauzak berreskuratzera, baina batzuk berriro han lo egiteko asmoz bueltatu dira.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X