Pablo Gonzalezen senideek Pedro Sanchezi eskatu diote "haren alde egiteko" Poloniako Gobernuaren aurrean
Asteazken honetan, hilak 27, 150 egun betetzen dira Pablo Gonzalez euskal kazetaria Polonian behin-behineko espetxealdian eta bakartuta dagoenetik. Horregatik, eta kontuan izanik Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bisita duela Varsovian, hau da, Poloniako hiriburuan, kazetariaren senideek eta lagunek eskatu diote "haren alde egin dezala" poloniar lehen ministroaren aurrean.
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak ziurtatu duenez, Poloniako Justizia "errespetatzen" du, eta Espainiako Justizia modu berdinean errespetatzea eskatu du.
Pablo Gonzalezen senideek, lagunek eta lankideek oharra zabaldu dute. Bertan, gogora ekarri dute nola otsailaren 27an atxilotu zuten euskal kazetaria Polonian, Przemysl hirian, lanean zebilela; hain zuzen, Errusiaren inbasioagatik Ukrainatik ateratako errefuxiatuen gaineko albisteekin zebilen lanean.
"Behin-behineko espetxealdiko bost hilabete hauetan, euskal kazetariak ezin izan du harreman zuzenik izan familiarekin; horrez gain, ezin izan du Gonzalo Boye bere abokatuaren laguntza legala jaso", azaldu dute. Bartosz Rogala poloniar abokatuak ere ordezkatzen du, "eta horrek ere ez du askoz ere datu gehiagorik eman, debekatuta baitu horretaz hitz egitea"; hala salatu zuen duela aste batzuk Oihana Goirienak, kazetariaren bikotekidea bera, lagunek eta senideek diotenez.
Egun honetan bertan, nabarmendu dutenez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Varsovian da, Espainiaren era Poloniaren arteko XIV. Goi Bileran parte hartuko baitu: "Goi-bilera Ukrainarekiko elkartasunak markatuko du, bai eta nola egingo dieten aurre Errusiako inbasioaren ondorio ekonomiko eta sozialei". Baliteke Sanchezek Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroarekin bilera izatea, "eta, horregatik, kazetariaren senideek eta lagunek berriro eskatzen diote Espainiako Gobernuari haren alde egin dezan, haren eskubideak errespetatzea helburu, gutxienez, familiarekin hitz egiteko aukera izan dezan".
Bikotekidearen bideoa
Testuinguru honetan, Oihana Goirienak, Gonzalezen bikotekideak, bideo baten bidez eskatu dio Sanchezi "mesedez, Pablo gogoan izan dezala. Pablo espainiar hiritarra da, eta Europar Batasuneko herrialde batean atxilotuta dago; haren senideekin hitz egiteko aukera kentzen ari zaizkio, eta, epe horretan, kontsularen lau bisita soilik jaso ditu. Konfiantzazko abokatuak, gainera, ezin du jakin zer leporatzen dioten". "Nahi diot Sanchezi eskatu", jarraitzen du Goirienak, "Pabloren alde egin dezala Poloniako lehen ministroaren aurrean, defentsa eta epaiketa zuzenak izan ditzan, eta, bereziki, haren eskubideak errespeta ditzaten. Senideok berarekin hitz egiteko aukera izan dezagula, eta zuzenean jakin dezagula ondo dagoela, haren seme-alabek aita entzuteko aukera izan dezatela, eta Pablok jakin dezala maite eta faltan botatzen dugun pertsona guztion babesa duela".
Ildo horretan, @FreePabloGonz plataformak (kazetarien hainbat lagun eta lankide daude bertan) iragarri du kanpaina gauzatuko duela sare sozialetan, #SánchezAcuérdateDePablo traolarekin, Goirienaren bideoarekin batera; horren helburua da eskaera espainiar presidenteak jasotzea: "Atxilotu zutenetik, isiltasuna da nagusi; halere, zenbait erakundek, giza eskubideen aldeko elkartek, alderdi politikok eta lankidek salatu egin dute Pabloren egoera; izan ere, bakartuta dago, eta Konstituzioak ezarritako hainbat eskubide urratzen dizkiote, behin eta berriz", azaltzen du oharrak.
Nabarmendu dutenez, aurreko astean, Bizkaiko Batzar Nagusiek adierazpen instituzionala onartu zuten, eta kazetaria pairatzen ari den "gehiegizko" espetxealdia salatu zuten. "Sare sozialen bidez ere ari dira asko haren egoera salatzen, eta change.org plataforman abiatutako sinadura bilketak ia 42.000 babes ditu jada", adierazi dute.
Bost hilabete hauetan, albiste oso gutxi iritsi dira euskal kazetariaren gainean: "Maiatzean jakin genuen Fiskaltzaren erabakia zela behin-behineko espetxealdia hiru hilabetez luzatzea, abuztuaren amaierara arte; orduan, berriro ere berrikusi eta erabakiko dute ea behin-behineko espetxealdia beste hiru hilabetez luzatuko dioten".
Senideek komunikazio bakarra izan dute kazetariarekin, Rogalak emandako albisteez eta kontsularen bisitez gain, alegia, Gonzalezek familiari eta lagunei bidalitako gutunak. Hori bai, atzerapen handiarekin jaso dituzte. "Horietan guztietan ikusgai dago ondo dagoela animoari dagokionez, eta umoretsu, baina dio 20 kilo galdu dituela, urduritasunagatik eta baldintzengatik. Irakurriz eta ariketa pixka bat eginez saiatzen da denbora pasatzen, baina egunak oso luzeak egiten zaizkio".
Zure interesekoa izan daiteke
Paper fabrika batean piztutako sute handi batek Iurretan eta Durangon errautsa egotea eragin du
Ez da inor zauritu Smurfit Kappa enpresaren kanpoaldean piztutako sutean. Suhiltzaileak kontrolpean dute sua, baina lanean jarraitzen dute N-634 errepidean, eta bi noranzkoetan itxita dago.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak Iparraldean euskara sustatzeko 2,47 milioi euroko fondoa eratuko dute
2025-2029 aldirako hitzarmenaren esparruan, 2026. urterako lankidetzaren ildoak jakinarazi dituzte. Batera egingo dituzten proiektuez gain, 2,47 milioi euro bideratuko dituzte Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile pribatuen lana diruz laguntzera.
Elortzibarko alkatea: "Noaingo gas leherketak kaltetutakoen egoera jasanezina da"
2025eko urtarrilean izan zen leherketaren kasua epaitegietan dago; beraz, aseguru etxeek ez dute ordainketarik egingo prozesua amaitu arte. Familia asko bizi ezin diren etxe baten hipoteka eta alokairua ordaintzen ari dira.
Elkarretaratze jendetsua Santurtzin, 19 urteko neska bati egindako sexu erasoa gaitzesteko
Dozenaka pertsona bildu dira eguerdian Santurtziko udaletxearen aurrean, "Santurtzin, eraso matxistei ez" leloa zuen pankarta baten atzean.
Berdintasun Ministerioak hilketa matxistatzat jo du Basaurin hildako emakumearen kasua
Biktimak ondoeza izan zuen, eta osasun-zerbitzuek ezin izan zuten suspertu; ondoren mediku forentseak egindako azterketak, ordea, indarkeria zantzuak atzeman zituen.
La Gilda del Norteko jabeak 18.000 euroko isuna ordaindu beharko du, egoera irregularrean zeuden langileak enplegatzeagatik
Isunaz gain, 7.500 euro ere ordaindu beharko ditu erantzukizun zibil gisa. Epaiaren arabera, langileei ohartarazi zien ikuskapenik egonez gero ezkutatu egin beharko zutela.
Justiziak aseguru etxea zigortu du 2020an Aulestin Iurgi Beraza hil zeneko harrapaketagatik
Haurraren gurasoek samina eta desadostasuna adierazi dute ebazpenarekin, "ez baita inolaz ere nahikoa, ez irismenari ez arrazoiketari dagokienez". Hala ere, baztertu egin dute epaia errekurritzea, ebazpen judizialekiko errespetuagatik, baina baita "prozesu luze, mingarri eta emozionalki suntsitzaile bati amaiera emateko beharragatik" ere.
Argi izpiak parkinsonaren aurrean: 65 ikerketa proiektu Euskadin, 10.000 gaixori itxaropena emateko
Urtero mila kasu diagnostikatzen dira Osakidetzan, eta egun ohikoena den bigarren gaixotasun neurodegeneratiboa da, alzheimerraren ostean.
Epaileak beste 13 lekuko deitu ditu deklaratzera El Bocaleko pasabidearen auzian
Instrukzio epaileak deklarazio gehiago gehitu ditu instrukzio fasean: pasabidearen proiektua sinatu zuen ingeniariak deklaratuko du, baita Udaltzaingoko eta 112 zerbitzuko buruek, obrako buruak eta 2024an ezbeharra izan zuen pasabidean esku hartu zuten beharginek ere.
12 hegaldi bertan behera geratu dira Bilboko Aireportuan Lufthansako grebaren ondorioz
Guztira, 500 hegaldi baino gehiago geratu dira bertan behera mundu osoan, Lufthansako kabinako langileek ostiral honetarako deitutako greba dela eta.