EAEko Auzitegi Nagusiak Gasteizko klinika baten aurrean otoitz egiteko baimena eman die abortuaren aurkakoei
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Ertzaintzaren ebazpen bat baliogabetuta, Gasteizko klinika baten aurrean otoitz egiten duten abortuaren aurkako zenbait lagunek ez dute izango zertan lekualdatu klinikatik 80 bat metrora, erregutzen jarraitu ahal izateko. Hala eman du jakitera "Bizitzaren aldeko 40 Egun" mugimenduak.
Aipatutako mugimendu horrek azaldu duenez, urriaren 5ean Ertzaintzak ebazpena eman zuen, eta, ondorioz, Gasteizko klinika baten aurrealdean elkarretaratzea egiten duten herritar horiek metro batzuk aldentzeko agindua zuten, zentroak aurkeztutako kexengatik. "Bizitzaren aldeko 40 Egun" gizataldearen zerbitzu juridikoek helegitea aurkeztu zuten, eta, orain, EAEko Auzitegi Nagusiak "osorik" hartu du aintzat, Ertzaintzaren ebazpena baliogabetuta.
"Bizitzaren aldeko 40 Egun" Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen, 2004an, eta, egun, 65 herrialdetan dago, tartean espainiar Estatuan. Ez jaiotakoaren alde otoitz egiten dute eta baraualdiak egiten dituzte; haien helburu nagusia abortuaren amaiera da.
Duela astebete, hilak 7, Donostiako epaile batek abortuaren aurkako protestak klinika batetik ehun metrora baino gutxiagora egitea debekatu zuen. Kautelazko neurria zen, eta horren funtsa zen abortatzera joaten diren emakumeek jazarpena pairatzen dutela elkarretaratzean dauden pertsonen aldetik.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda