Goiz zaila Donostian, Federico Garcia Lorca pasealekuko zirkulazioari itxi ostean
Donostiako Federico Garcia Lorca pasealekua itxi egin dute astelehen goizean trafikoarentzako, Renferen geltokiko obretan kamioi batek horma bat jo duelako. Ondorioz, zirkulazio arazo handiak izan dira Atotxako geltokiaren eta Donostiako autobus-geltokiaren inguruan, hiriko irteera garrantzitsuenetako bat baita.
Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, obrarako makina edo materialen bat deskargatzen ari zen kamioi batek horma jo du, erori egin da eta bidean gurutzatuta geratu da, ibilgailuen aparkalekuaren irteeran.
Hori dela eta, Federico García Lorcako errepidea moztuta egon da ordu luzez eta trafikoa Maria Kristina zubitik bideratu du Udaltzaingoak, auto ilara luzeak sortuz inguruan.
Dagoeneko errei bat irekita dago eta pixkanaka zirkulazioa normaltasuna berreskuratzen hasi da eta zonaldea garbitzen ari dira langileak.