Eskola-garraioko enpresa gehienek ez dute zerbitzua eskainiko gaur Araban eta Bizkaian
Gaur-biharretan, 2023-2024 ikasturtea hasiko dute Hego Euskal Herriko ikasleek, eta eskola-garraioko enpresek Eusko Jaurlaritzaren aurrean planto egin, eta gaur ez dute zerbitzua eskainiko Araban eta Bizkaian.
Atzo konpainiek bilera egin eta erabaki zuten helegiteak aurkeztuko dituztela Hezkuntza Sailak herenegun kaleratutako aginduaren aurka, hau da, joan den ikasturtean kudeatu zituzten ibilbideetan zerbitzua ematera behartzen dituen aginduaren kontra, aurten lizitatu gabe egon arren. Helegiteak banan-banan aurkeztuko dituzte enpresek, ez denek batera. Errekurtsoarekin, enpresek kautelazko neurri bat ere eskatuko dute, euren hitzetan, gaur zerbitzurik ez ematea ahalbidetuko diena.
EITBri egindako adierazpenetan, Soleto Autobusak enpresako gerenteak, Felix Soletok, jakinarazi du ostegun honetan jarriko dituztela helegiteak. "Bihar (osteguna) bertan jarriko ditugu helegiteak eta horien aplikazioa berehalakoa izango da. Beraz, ez dugu zerbitzurik eskainiko. Jaurlaritzaren aginduak oinarrizko zerbitzua garela jasotzen du, baina hori ez da zuzena. Zerbitzu osagarria gara", gehitu du.
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, berretsi du herenegun emandako agindua bete beharrekoa dela, eta ziurtatu du, oraingoz, ez duela jaso ofizialki eskola-garraioko enpresen erabakia, zerbitzurik emango ez dutela adieraziz.
Aurreko astean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak iragarri zuen enpresa horietako batzuen artean jardunbide "susmagarriak" eta ziurrenik "ez-zilegiak" atzeman dituztela; hau da, antza denez enpresek akordioak egin dituztela prezioak puzteko eta lehiaketetara ez aurkezteko. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak eskura duen informazio guztia Lehiaren Euskal Agintaritzari igorri dio, eta salaketa jarriko du Fiskaltzan, praktika horietan "delitu zantzuak" ikusita.
Ibilbideen % 31 bakarrik daude lizitatuta, baina alde nabarmenak daude lurraldeen artean: Gipuzkoan ibilbide ia guztiak (% 98) daude bermatuta, Araban % 5 bete dira eta Bizkaian ez da lizitaziorik egin. Hutsik geratu ziren ibilbideek 10.000 ikasleri baino gehiagori eragingo liekete.
Jaurlaritzaren aginduaren arabera, konpainiek aurreko ikasturtean egiten zituzten ibilbideetan eskola-garraioko zerbitzua eman beharko dute, "harik eta zerbitzu horiek barne hartuko dituen beste kontratu bat gauzatu arte". Zerbitzuaren benetako kostua ordainduko zaie, baita % 6ko etekin industriala ere, indarrean dagoen legeriak ezartzen duen moduan.
Azken urteotan, eskola-garraioaren arazoa sarritan jarri da mahai gainean. Sektoreko enpresa-elkarteen ustez, Jaurlaritzak ezarritako baldintzek ez dute errentagarritasuna bermatzen. Joan den ikasturtean eskola publikoetako eskola-garraioa ere egon zen jomugan, eta eskolak hasi bezperan lortu zuten akordioa bi aldeek, % 24,1eko igoera hitzartuta.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak