Santi Cocaren heriotzagatik epaiketan deklaratu duten 5 akusatuek ukatu egin dute erasoan parte hartu zutela
Santi Cocaren heriotza argitzeko epaiketan, gaur deklaratu dute akusatuan aulkian esertzen diren bost gizonek eta guztiek ukatu dute erasoan parte hartu zutela. Testigantza horien ondotik, Gipuzkoako Fiskaltzak, Santi Cocaren familiak eta Donostiako Udalak erretiratu egin dituzte bost akusatuetako baten kontrako karguak, eta, ondorioz, epaileak aske utzi du.
Gipuzkoako Probintzia Auzitegian egiten ari den epaiketaren bederatzigarren saioan, bost akusatuek defentsa abokatuen eta epaimahaikideen galderei soilik erantzun diete. Seigarren auzipetuari, justiziatik ihes eginda dagoen aljeriarrari, leporatu diote erasoaren erantzukizuna.
Hasiera batean, Fiskaltzak eta biktimaren familiak osatzen duen akusazio partikularrak 20 urteko espetxe zigorra eskatu zuten haietako bakoitzarentzat eta herri akusazio gisa aurkeztu den Donostiako Udalak, berriz, 15 urte.
Gaurko saioan, aldeek behin betiko ondorioak aurkeztu dituzte. Hasierako eskariak aldatu eta erretiratu egin dituzte bost akusatuetako baten aurkako karguak, eta, ondorioz, epaileak absolbitu egin du eta aske gelditu da.
Halaber, Gipuzkoako Fiskaltzak, Santi Cocaren familiak eta Donostiako Udalak aldatu egin dituzte beste lau akusaturen aurkako karguak, eta hilketa delitua beharrean (20 urte) homizidio delitua (15 urte) leporatu diete, nagusitasun astungarriarekin.
Seigarren lagun bat ere auzipetu zuten, baina ihes eginda dago 2022ko urritik.
Ostiralean (09:30) ekingo diote berriro epaiketari.
Zure interesekoa izan daiteke
Europak bi euroko tasa ezarri die EBtik kanpo erositako paketeei
Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak uste du jarrera erradikalizatuak gutxiengoa direla
Euskal hiriburuetako saltokiek egurrezko oholak kendu dituzte, gaua istilurik gabe igaro ondoren
2.200 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Bartzelonan, Blocusen deialdiak tarteko