Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen azken LEP-eko plaza kopurua bikoiztea erabaki dute, 212tik 410era
Eusko Jaurlaritzak eta EAEko 8 udalek bikoiztu egin dute Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren azken LEP-etik aterako den plaza kopurua. Bilboko eta Donostiako Udaltzaingoetakoak dira igoera nabarmenenak: 3 plaza izatetik 60 plaza izatera Bilbon eta plaza bakarra izatetik 41era Donostian, hain zuzen ere.
2023ko urtarrilean, orotara 212 plaza deitu zituzten Ertzaintzan eta Udaltzaingoan aritzeko. Orain, hautaketa-prozesua amaitzen ari denean eta behin betiko emaitzak argitaratu aurretik, Jaurlaritzak eta deialdia egin zuten zortzi udalek 410 plaza izatea erabaki dute.
Gauzak horrela, LEP horren bitartez 210 udaltzain sartuko dira EAEko 31 udaletan, eta 200 agente berri Ertzaintzan, bai oinarrizko eskalan, eta baita Ikerketa Kriminala eta Bide Segurtasuna espezialitateetan.
LEP honetan hautatutako pertsonak udaberrian hasiko dira prestakuntza jasotzen, eta datorren urtean hasiko dira lanean.
Plazak Ertzaintzan
Ertzaintzako 200 plazen banaketa honako hau izango da: 107 plaza (57 berri), Ikerketa Kriminaleko espezialitatean. Horietatik 86k Ertzaintzaren 1. mailako derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna dute.
Beste 66 (16 berri), Bide Segurtasuneko espezialitatearekin sartuko dira. Horietatik 53k Ertzaintzaren 1. mailako derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna dute.
Azkenik, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako 27. Plaza horiek guztiek Ertzaintzaren 1. mailako derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna dute (B2 Europako esparruan).
Plazak Udaltzaingoetan
Euskal Autonomia Erkidegoko 31 udaletako udaltzaingoen oinarrizko eskalako 210 plazei dagokienez, gehienek Administrazio Publikoko 2. mailako derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna eskatzen dute (B2 Europako esparruan).
Plaza gehiago izango dituzten udalak honako hauek dira: Bilbo (3tik 60ra), Donostia (1etik 41era), Etxebarri (1etik 3ra), Getxo (2tik 19ra), Gorliz (1etik 2ra), Irun (5etik 6ra), Portugalete (3tik 9ra) eta 1etik 2ra Zamudioko Udaltzaingoan.
Deialdiko plazei eutsiko dietenak: Amurrio (plaza 1), Andoain (3 plaza), Aretxabaleta (plaza 1), Arrasate (2 plaza), Arrigorriaga (plaza 1), Basauri (plaza 1), Bermeo (2 plaza), Eibar (3 plaza), Errenteria (12 plaza), Gernika-Lumo (2 plaza), Hondarribia (plaza 1), Lasarte-Oria (3 plaza), Mungia (2 plaza), Pasaia (3 plaza), Santurtzi (8 plaza), Sestao (6 plaza), Sopela (2 plaza), Soraluze (plaza 1), Tolosa (plaza 1), Gasteiz (2 plaza), Zarautz (2 plaza) eta Zumarraga (8 plaza) eta Zizurkil (plaza 1).
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda