Gurean da iragarritako eguraldi aldaketa: euria eta hotza nagusi hurrengo egunotan
Tenperatura epelak eta hegoaldeko haize zakarra —EAE abisu horipean izan da 03:00ak arte— rotagonista izateari utzi diote udazkenaren azken txanpa honetan. Gaurko eguraldi aldaketa latza iragarrita zeukan Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak, eta iritsi da: fronte hotz baten eraginpean egongo gara hurrengo egunotan.
Bart gauekoa epela izan da, eta goizaldean 18-19 ºC-ko maximoak neurtu dira kostaldeko txoko askotan. Goizean errotik aldatzen joan da aroa, fronte bat iritsi baita, eta haizeak ipar-mendebaldera egin du bolada gogorrekin, batez ere kostaldean. Hortik aurrera, zerua estali eta euritara jo du. Euria iparraldetik hegoaldera zabaldu da eta giroa hozten joango da; eguneko tenperatura minimoak gauean neurtuko dira, eta elur maila 1.000-1.200 metroan egon daiteke.
Bihar, ostiralarekin, hasiko da negua (10:21ean), eta sasoiaren berezko eguraldiarekin ekingo dio. Giroa hotza izango da, eta tarteka, euria egingo du. Tenperatura maximoak nekez iritsiko dira 8-13 ºC-ra eta ipar-mendebaldeko haizeak areagotu egingo du hotz sentsazioa. Lainotuta egongo da, batez ere ipar partean, eta goizean prezipitazioak hegoaldera ere iritsi litezke. Arratsaldean, ordea, Nafarroa hegoaldean eta ekialdean hodeitza zertxobait saretuko da. Elur mailak bere horretan jarraituko du, hots, 1.000-1.200 metro inguruan.
Larunbatean San Tomas azoka ospatuko da, eta apur bat hobera egingo du. Litekeena da euria lurraldearen ipar-ekialdera (Gipuzkoa iparraldea eta Ipar Euskal Herria) mugatzea; euri txikia espero da han, tarteka. Gainerako lekuetan ateri eutsiko dio. Tenperaturak apur bat gora egin badezake ere, giroa hotza izango da, batez ere barnealdean. Bilbon eta Donostian 13-14 ºC-raino igoko dira termometroak.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda