Bi gizon atxilotu dituzte Donostian adingabe bati sexu-erasoa egitea leporatuta
Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu astearte honetan Donostian adin txikiko bati sexu-erasoa egitea egotzita. Erasoa Ulia mendian gertatu da, astelehen goizaldean, eta Ertzaintzak zabalik dauka ikerketa. Gipuzkoako Aldundiaren ardurapean dagoen neska bat da biktima.
Arratsaldean zabaldutako ohar batean, foru erakundeak adingabeak jasandako "erasoa gaitzetsi" eta "biktimarekiko eta haren inguruarekiko erabateko babesa eta elkartasuna" adierazi ditu. Halaber, jakinarazi du salaketa jarri duela eta, beraz, prozedura judiziala eta polizia-ikerketa abian direla. Ertzaintzak "bere lana zorroztasunez eta erantzukizunez" egin dezala eskatu du.
Horrez gainera, "adingabearen babesa, zaintza eta jarraipen osoa bermatzeko neurriak" hartu dituela azaldu du.
Bere aldetik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak bat egin du Aldundiaren oharrarekin, eta "kontu handiz" jokatzea galdegin du, biktima adin txikikoa dela nabarmenduz.
Jakinarazi duenez, bi atxilotuak gaur eramango dituzte epailearen aurrera deklaratzera. Halaber, baieztatu du beste bi gizonezko ere ikerketapean daudela, erasoarekin zerikusia dutelakoan.