A-15a itxita egongo da gaur gauean Andoain eta Berastegi artean, bi noranzkoetan
A-15 autobidea itxita egongo da gaur-biharretan Andoain eta Berastegi artean (Gipuzkoa) eta bi noranzkoetan. Zehazki, gaurko 22:00etatik biharko 06:00ak arte egongo da zarratuta errepidea. Gorosmendi eta Oindolar tuneletan lanak egin behar dituzte, eta horrek eragin du itxiera.
Andoainera bidean, Berastegiko lotunetik aurrera itxiko dute bidea, eta Iruñerakoan, Sorabillan (Andoain), Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez.
Itxiera dela eta, honako ordezko bideak proposatu ditu Aldundiak:
• Ibilbide luzeko bidaientzat, ibilgailuek N-1a hartu beharko dute Altsasuraino, eta, ondoren, Irurtzunen A-10etik (Sakanako autobia) jarraitu.
• Berastegi, Elduain eta Berrobira joan behar direnentzat, GI-2130a (Tolosa eta Leitza arteko bidea) eskura izango dute, Berastegin bira egin ahalko baitute.
• Lekunberri edo Leitzara doazenek GI-2135 errepide har dezakete, Tolosara bidean.