Eskola Txikien handitasuna jai-giroz aldarrikatu dute gaur Ezkio-Itsason
Jendetza bildu da Ezkio-Itsasoko Santa Luzia auzoan Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatzeko.
Goizetik, ekintza eta jarduera aukera zabala izan dute bertaratu diren guztiek egun atsegin bat igarotzeko: musika emanaldiak, tailerrak, puzgarriak, eskulanak egiteko txokoak, ipuin-kontaketa saioak eta Makusi Gunea, esaterako.
Inaugurazio ekitaldian, bertako eskola komunitatearekin batera izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Begoña Pedrosa hezkuntza sailburua ere, eta haiei zuzendu zaie Amaia Dorronsoro Ezkio-Itsasoko Eskola Txikiko zuzendaria: baliabideak banatzerakoan Eskola Txikien berezitasunak aintzat har ditzatela eskatu die, proportzionalki zenbakiek ez dutelako beti bat egiten.
"Txikitasunaren giltza ateak ixteko baino zabaltzeko" izatea aldarrikatu du Dorronsorok.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak ere eskola komunitatearen konpromisoa aitortu, eta Eskola Txikien "handitasuna" aldarrikatu du gaurko jaiaren irekiera ekitaldian. Horren hitzetan, ikuspegi propioarekin bide egiten duen sarea osatzen dute Eskola Txikiek. "Helburu argiak eta koherenteak dituzue: ikaslea bere prozesuaren jabe da, formazio eredu aitzindari eta exijentearekin, eta lidergo handiarekin gainera", nabarmendu du. "Gure eskola sare osoarentzat eredua den lantaldea eta proiektua da Eskola Txikiena", goraipatu du Pedrosak.
Eskola Txikien marka inguruarekiko atxikimendua dela nabarmendu du sailburuak, "eskolak herria egiten duelako eta herriko arima eta etorkizuna eskola delako". Halaber, Eskola Txikien aberasgarritasunaren iturri diren metodologia iraultzaileak ere goraipatu ditu sailburuak, "adin desberdinetako ikasleak elkarrekin egotea, garapen maila desberdinak, jakin-min eta trebetasun desberdinak" elkarrekin ikasten izateak "metodologia iraultzaileak" bultzatzea eta garatzea ekarri dutela erantsi du, "horrek guztiak eskatzen duen begirada eta esku-hartzearekin".
Gauzak horrela, Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du Pedrosak eta, aurreratu duenez, aurtengo lanak eta ondorengo urteetarako aurreikusitako lan nagusienak batuta, Jaurlaritzak 60 milioi euro inguru inbertituko ditu Eskola Txikietako azpiegituretan.
Irekiera ekitaldi horretan, datorren urteko jaia antolatzeko lekukoa hartu du Zizurkilgo eskolak.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak