Gizon bat atxilotu dute Beasainen, emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta
Erasoa goizaldean gertatu da. Tabernak dauden zonalde batetik gertu lagun batekin hitz egiten ari zela, atzetik joan zaio gizona, eta sexu-erasoa egin dio. Goierriko Itaiak deituta, dozenaka lagun elkartu dira Beasainen erasoa salatzeko.
20 urte inguruko gizon bat atxilotu dute gaur Beasainen (Gipuzkoa), emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Biktimak erasoa salatu du ertzain-etxean.
Erasoa igande goizaldean jazo da, 03:00ak aldera. Tabernak dauden zonalde batetik gertu lagun batekin hitz egiten ari zela, atzetik joan zaio gizona. Erasotzaileak, jarrera bortitza eta larderiatsua erakutsitz, heldu egin dio, astindu egin du, baimenik gabe hainbat musu eman dizkio, eta, ondoren, alde egin du.
Erasoaren berri jaso ondoren, Beasaingo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu dute. Oriako ertzain-etxera eraman dute, epailearen aurrera eraman aurretik egin beharreko izapideak betetzera.
Goierriko Itaiak erasoa salatu du
Goierriko Itaiak deituta, dozenaka lagun elkartu dira igande arratsaldean Beasaingo Bideluze plazan erasoa salatzeko. Adierazi dutenez, "jakin badakigu, tamalez, eraso hau ez dela kasu isolatu bat. Kontrara, eguneroko ogia dira erasoak emakume langileon bizitzetan. Are gehiago, festa giroan eta alkoholaren aitzakiapean, erasoak normalizatu egiten dira".
Bertan esan dutenaren arabera, "funtsean, etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa betetzen duen ideologia matxistak biolentzia matxista du ondorio, eta egoera horretan, norma kultural bilakatzen da emakumeon zapalkuntza".
Horren aurrean, matxismoaren aurkako kontzientziazio lanean eta borrokan jarraitzeko beharra eta "ardura" azpimarratu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Europak bi euroko tasa ezarri die EBtik kanpo erositako paketeei
Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak uste du jarrera erradikalizatuak gutxiengoa direla
Euskal hiriburuetako saltokiek egurrezko oholak kendu dituzte, gaua istilurik gabe igaro ondoren
2.200 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Bartzelonan, Blocusen deialdiak tarteko