Atzerriko nazionalitatea duen biztanleria nabarmen hazi da azken 40 urteetan
Lehenengo Eusko Jaurlaritza abian jarri zenetik igaro diren 45 urteetan euskal gizarteak izan dituen aldaketak aztertu dituen azken EITB Data azterlanaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria % 3,7 hazi da, jaiotza-tasak behera egin duen arren. Datu hori konpentsatzen duten faktoreetako bat etorkin kopuruaren gorakada izan da.
Atzerriko herritartasuna duten EAEko biztanleak % 0,2 ziren 1985ean; 2024an, ostera, % 13,3 ziren.
Biztanle horiek batez beste 35 urte dituzte, eta, beraz, gizartea gaztetzen laguntzen dute. Hain zuzen ere, 20 eta 44 urte bitarteko biztanleen % 27 inguru atzerritar jatorrikoak dira.
Era berean, jaiotza-tasari dagokionez, funtsezko alea jartzen dute. 2024an seme edo alaba bat izan zuten emakumeen % 26,6k atzerriko nazionalitatea zuten. Gainera, gazteago direnean hasten dira seme-alabak izaten.