Iruñea, sanferminei hasiera emango dien txupinazoaren zain
Ordu gutxi falta dira sanferminetarako, eta Iruñean dena prest dute jaiei hasiera emateko. Yala Nafarroa Palestinarekin elkartea arduratuko da aurtengoan txupina botatzeaz.
Dena prest dago Iruñean 2025eko sanferminei hasiera emateko. Txupina botatzeko ordu gutxi falta direnean, festa giroa nabaria da kaleetan. Beste behin, Nafarroako hiriburua jaigune erraldoia izango da bederatzi egunez.
Eguerdiko hamabietan, Yala Nafarroa Palestinarekin elkarteak txupina botako du udaletxeko balkoitik. Aurtengoak mezu berezia izango du: Palestinaren alde bakea, elkartasuna eta justizia batzen dituen mezua. Jaiaren hasiera bertatik bertara jarraitu ezin dutenek orain.eus atarian eta ETB1en ikusi ahal izango dute, zuzenean.
Kalean festa lehertuko da orduan. Uztailaren 6tik 14ra, adin eta gustu guztiak asetzeko 517 ekitaldi ofizial izango dira Iruñean, inklusioaren eta aniztasunaren aldekoak guztiak. Aurten, gainera, auzoetako jarduera kulturalak eta ludikoak indartu egingo dira.
Denetik izango da: kontzertuak, gazteentzako eta familientzako guneak, kaleko animazioa, su artifizialak, musika eta espazio alternatiboak, Taconera parkeko musika elektronikoaren eremu berria esaterako. Egitarauak, gainera, espazio inklusiboak eta pertsona guztientzako irisgarriak izango ditu.
Eguraldia ez da aitzakia izango Iruñera joateko. Ez du euririk egingo, eta 20 ºC inguruko tenperatura izango da.
EITBren programazioa berezia
Sanferminetako emozio eta giroa erakusteko ahalegin berezia egingo du EITBk aurten. Txupinazoarekin hasiko da EITBren programazio berezia. Entzierroak eta aurreko kantuak zuzenean eskainiko dira egunero "Entzierroak 2025" saioan, 07:40tik aurrera, eta EITBko irratietan ere jarraitu ahal izango dira txupinazoa eta entzierroak.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda