Hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen: bat genero-indarkeriagatik, beste bat sexu-erasoagatik, eta hirugarrena exhibizionismoagatik
Gertakari bat ostiralean izan zen eta beste biak larunbatean. Genero-indarkeria kasua eta Sexu-erasoa Arabako hiriburuan gertatu ziren. Bestalde, Gasteizko Udaltzaingoak 66 urteko gizonezko bat atxilotu zuen adingabeei genitalak erakusteagatik.
Gasteizko Udaltzaingoak 43 urteko gizon bat atxilotu zuen joan den ostiralean, genero-indarkeriaren esparruan lesio-delitu bat egin izana egotzita, bikotekide ohiari eraso egin ostean, bien seme adingabearen aurrean, Gasteizko etxebizitza batean.
Larunbatean Arabako hiriburuko udaltzainek beste gizon bat atxilotu zuten, 27 urtekoa, sexu-erasoa egiten saiatzea egotzita. Genero-indarkeria kasu gisa ari dira aztertzen.
Udaltzaingoak ohar bidez jakinarazi duenez, ostiraleko erasoa 15:30ak aldera gertatu zen. Poliziaren Koordinazio Zentralak patruila bati deitu eta etxebizitza batera joateko eskatu zion, gizon batek emakume bati eraso egin ziolako.
Larunbateko erasoak 13:00ak aldera izan ziren. Orduan, patruila bati Alde Zaharreko etxebizitza batera joateko eskatu zioten. Agenteak bertara iritsi zirenean eta erasotzaileari eta biktimari galderak egin ondotik, agenteek gizona atxilotu zuten, genero-indarkeriaren baitan egindako sexu-erasoa egotzita.
Larunbatean, halaber, Gasteizko Udaltzaingoak 66 urteko gizonezko bat atxilotu zuen sexu askatasunaren aurkako delitu bat egitea egotzita, adingabeen aurrean genitalak erakusteagatik.
Arratsaldeko 14:00ak aldera jaso zuten udaltzainek abisua, Gasteizko autobus geltoki inguruan, Euskaltzaindia plazan antza gizon bat adingabeen aurrean genitalak erakusten ari zelako. Polizia-agenteak iritsi zirenean han zegoen exhibizionista. Identifikatu, lekukoekin hitz egin eta toki hartan adingabeak zeudela baieztatu zutenean, 66 urteko gizona atxilotu egin zuten. Sexu askatasunaren aurkako delitua egitea leporatu diote.