Vilorian 34 urteko gizon baten hilketagatik atxilotutako gizonari behin-behineko espetxeraldia ezarri diote
Udalak elkarretaratzea deitu du gaurko, 20:00etan, hilketa gaitzesteko; Ertzaintzak ikerketa zabalik du.
Viloria. Argazkia: EFE
Vilorian (Araba) 34 urteko gizon bat indarkeriaz hiltzea egotzita atxilotutako susmagarria espetxeratu egin dute epailearen esku jarri ostean. Epaileak behin-behineko kartzelaldia ezarri dio.
Erriberagoitian hiru dolu-egun izango dituzte gaurtik aurrera. Gertakariak bertako herritarrak hunkitu ditu, eta astearte honetan gaitzetsiko dute publikoki, 20:00etan egitekoa den elkarretaratzean.
Igande gauean, biktimaren senide batek Ertzaintzari deitu zion, Viloriako etxebizitza baten ondoan eraso egin ziotela ohartarazteko. Patruilak eta osasun-zerbitzuak bertaratu zirenerako, gizona hilda zegoen.
Ertzaintzak bilaketa dispositibo bat aktibatu zuen berehala, eta, horri esker, 23 urteko gazte bat aurkitu zuten, goizaldeko ordu bata pasata, Añanan. Atxilotu egin zuten, homizidio delitu bat egotzita.
Gorpua Gasteizko Auzitegiko Medikuntzako Institutura eraman zuten autopsia egiteko. Ikerketa Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuaren esku dago, eta krimenaren nondik norakoak argitzen saiatzen ari da.