26.000 ikasle itzuliko dira eskolara astelehen honetan Ipar Euskal Herrian
Zakuak bizkarrean hartuta, Pirinio Atlantikoetako 52.000 ikasle ikastetxeetara itzuliko dira astelehen honetan. Horien erdiak Ipar Euskal Herrian eta horietatik % 13 Seaskaren murgiltze ereduan.
Hainbat berritasun izango dira ikasturte honetan, hala nola, Euskal Elkargoak bultzatuta, Baxenabarreko Samatze herriko eskolan gaskoia irakatsiko diete haurrei.
Antton Kurutxarri hizkuntza politikako arduradunak azaldu duenez, hiru ordu izango dituzte astean: “Gure berezitasuna da bi hizkuntza gutxitu badirela, euskara eta gaskoina, eta horrela sortu da Samatze herrian proiektu hau, eskolari eskainiz hiru ordu ematea gaskoinera astean”.
Frantziako Hezkuntza Ministerioak ere berrikuntza batzuk ezarri ditu. Hala, osasun mentalak lekua hartuko du ikastetxeetan, bost ikasletik batek arazoak baitituzte, eta adimen artifiziala ere txertatuko da kolegio eta lizeoetan, ikasle eta irakasleentzat formakuntzak eskainiz.
Demografiaren beherakada ere erronka izango da kurtso berrian, zenbait ikastetxetan ikasgelak itxi dituzte eta irakasle falta dela eta, 35 ikasleko klaseak ere osatu behar izan dira.