LABek eta Steilasek egun osora zabaldu dute Hezkuntzan urriaren 15ean Palestinaren alde egitekoa den greba
Hezkuntza sektorean diharduten langile guztiak daude grebara deituta, haur-eskoletatik hasi eta unibertsitateraino.
LAB eta Steilas sindikatuek Hego Euskal Herriko hezkuntza sisteman egun osoko lanuztea deitu dute urriaren 15erako, Israelek Palestinako herriaren aurka egindako "genozidioa" salatzeko. Bi sindikatuok ohar batean gogora ekarri dute, CCOO, UGT, LAB, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta HIRUk lanuzte partzialak antolatu dituztela.
Langileei lantokietan mobilizatzeko eta mobilizazioan parte hartzeko deia egin ostean, hezkuntza-komunitateak “Israelek Palestinako herriaren aurka egindako eraso bortitza salatu" izana txalotu dute LABek eta Steilasek.
Azkenik, zehaztu dutenez, "urriaren 15a elkartasuna adierazteko, Zisjordanian gauzatzen ari den etengabeko kolonizazioa salatzeko eta bertako zein nazioarteko erakundeei Israelgo Estatuarekiko harreman komertzial oro etetea exijitzeko eguna izango da".