Lau zauritu, horietako bi larri, Sunbillan izandako trafiko-istripu baten ondorioz
Istripua N-121-A errepideko 54. kilometroan gertatu da, Larrakaitzeko tunelean. Bi autok eta bi kamioik talka egin dute.
Lau pertsona zauritu dira astearte arratsaldean, horietako bi larri, N-121-A errepidean, Larrakaitzeko tunelaren barruan (Sunbilla, Nafarroa) izandako istripu batean.
Bi autok , kamioi zurrun batek eta artikulatu batek talka egin dute, eta bidea itxita geratu da bi noranzkoetan. Zirkulazioa NA-120 errepidetik bideratu dute.
SOS Nafarroako larrialdiak kudeatzeko zentroak 16:25ean jaso du istripuaren berri. Oronozko parkeko suhiltzaileak, bi anbulantzia medikalizatu, oinarrizko bizi-euskarriko bi anbulantzia, Doneztebeko eta Lesakako medikuak, helikoptero medikalizatu bat, herri-lanetako langileak eta Guardia Zibilaren patruilak bidali ditu bertara.
Larrialdi zerbitzuek lau pertsona eraman dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, Iruñera:
39 urteko emakume bat helikoptero medikalizatuan eraman dute, sabelean traumatismo larriak dituela. 82 urteko gizonezko bat anbulantzia medikalizatuan eraman dute egoera larrian; toraxean eta pelbisean ditu traumatismoak.
Oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzietan, izaera erreserbatuko politraumatismoak dituen emakume bat eta pronostiko arineko kolpeak dituen 50 urteko gizonezko bat eraman dituzte.
Guardia Zibila ezbeharraren arrazoiak eta nondik norakoak ikertzen ari da.