Hamar urteren ostean, Eibarren zezen-ikuskizunak atzera programatzea gaitzetsi du Haiekin elkarte animalistak
Elkartearen iritziz "atzerapauso handia" da, herriko San Joan jaietan hiru sokamutur saio programatzea, eta ohartarazi duenez "2016an PSE-EEk berak hartutako konpromiso ofizialen kontra doa".
Eibarko zezen-plaza, aireko irudia. Argazkia: Eibarko Udala.
Haiekin elkarte animalistak Eibarko Udal Gobernuaren "atzerapauso etiko sakona" salatu du zezenketen ospakizunak berreskuratu dituela eta, herriko San Joan jaietan hiru sokamutur saio programatu baititu.
Ana Moreno Haiekin elkartearen presidenteak ohar bidez deitoratu duenez neurri horrekin "kontzeptu etiko oinarrizkoenetan atzera egiten eta animalien tratu txarrak dibertimendu publikorako erabiltzen tematzen dira agintariak, larriki tematu ere".
Gainera, gogorarazi duenez, 2016an ARA edo Acción Para el Respeto Animal (Animaliak Errespetatzearen alde Ekin) elkarteak sinadura-bilketa egin zuen eta "herrian zezen-ikuskizunak bertan behera uztea eskatzen zuten 11.000 lagunen sinadurak bildu zituen". Horren ondorioz, udalbatzak "mozio transakzional bat onartu zuen, udalerriko alderdi guztiek sinatua".
Argitu duenez, akordio horrekin Udalak konpromisoa hartu zuen "herrian eztabaida publikoa irekitzeko eta animaliak babesteari eta edukitzeari buruzko ordenantza berri bat idazteko, animalien erabilerarekin eta tratu txarrekin lotutako jardueren aurrean udalak zer jarrera izan behar duen arautzeko".
Hala ere, Eibarko Udalak "bere promesak eta betebeharrak bete ez izana" gaitzetsi du. Morenoren ustez, "onartezina da, udal guztiak beren araudiak egokitzera behartzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Animaliak Babesteko Legea 2022an indarrean sartu eta, gaur egun, Eibarren, duela 38 urteko ordenantza baten arabera funtzionatzea, animalien babesari dagozkion betebeharretatik bat ere bete gabe".
Legezko betebeharren aurrean "zezen-sektorearen mesedetan" aritzea leporatzeaz gain, Haiekin elkarteko ordezkariak deitoratu duenez, "Udal Gobernuak ez du denborarik galdu herriko zezenzale taldearekin biltzeko, ez eta haiei hamar urterako udal-lokal bat doako lagapena egiteko ere, eta Udalak bere gain hartu ditu horniketen eta konponketen kostu guztiak". Salatu du "herritarrekin hartutako legezko konpromisoak eta animalien babesari buruzko araudi autonomikoa kajoian gordeta" dituela.
Azkenik, elkarteak adierazi duenez "animalien aurkako tratu txarrek ez dute lekurik izan behar XXI. mendeko jai-agendan", eta "errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako jai herrikoien ereduaren alde" egin du "animalien kontrako krudelkeriarik gabekoak".
Zure interesekoa izan daiteke
Garbiketa lanetan ari dira herritarrak Adam goi-geruzetako depresio isolatuak gehien kaltetu dituen udalerrietan
Benta Berriko bizilagunek alokairu babestuan jarraituko dute
Akromatopsia: nolakoa da bizitza zuri-beltzean?
Emakume bat hil dute Madrilen labankadaz, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-622 errepidea itxita dago, kamioi batek izandako istripuaren ondorioz
4.700 lagun baino gehiago izan dira txertaguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra